Erretratua

Arantxa Orbea: "Musikak bizia ematen dit, ez asebetetze pertsonala bakarrik"

Anitz Urkizu 2026ko abuztuaren 21a

Arantxa Orbearen erretratua. (Olatz Alkorta)

Egunerokoan bizi du musika Arantxa Orbeak. Haurra zela hasi zen klarinetea jotzen, eta gaur egun Azpeitiko Musika Bandako, Julian Barrenetxea abesbatzako, Parrokiako Abesbatzako nahiz Kantujirako kidea da, baita oboe eta piano ikaslea ere. Berea da Erretratua uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Musikak markatu du Arantxa Orbearen (Azpeitia, 1965) bizitza txikitatik. Klarinetea eskuetan hartu zuen haurra zela, eta ordutik ez da inoiz musikatik urrundu. Urte askotan Azpeitiko Udal Musika Bandako kidea izateaz gain, Julian Barrenetxea emakumeen koruan abesten du, Parrokiako Abesbatzan ere parte hartzen du, Kantujiran aritzen da eta, gainera, oboea eta pianoa ikasten jarraitzen du. Gaixotasunak eta osasun arazoek bidean oztopoak jarri dizkioten arren, ez du sekula geldirik egoteko asmorik izan. Musikak bizipoza, lagunak eta bizitzeko modua eman dizkio, eta horri lotuta jarraitu nahi du ahal duen denbora guztian.

Plazan jaiotakoa da, eta harro esaten du "azpeitiar peto-petoa" dela. Herriari lotuta bizi izan da beti, eta herriko kultur eta musika mugimenduekin ere lotura estua izan du txikitatik.

Ikasketaz erizaintzako laguntzaile teknikoa da. Garai batean lanbide horretan jardun zuen, baina urteek eta osasun arazoek bestelako bide batera eraman zuten. "Fisikoki ez nintzen ongi aurkitzen; minez ibiltzen nintzen, eta lan hori utzi egin behar izan nuen". Hala ere, geldirik geratzea ez da inoiz bere izaeraren parte izan. 2017an linfoma bat izan zuen, eta, gero, COVID-19aren ondorioak ere pairatu zituen. "Ondorioak hor daude, baina ez naute gelditu. Inoiz ez naiz etxean sartuta geratu".

Musikarekin duen harremana ia bizitza osoan zehar eraikitako lotura da. Umetan hasi zen musika bandan klarinetea jotzen, eta hango zuzendaria zen Joxe Mari Altunak Parrokiako Abesbatzan kantatzeko proposamena egin zion. Gaztetxoek segurtasun handiagoa izan zezaten nahi zuen, eta Orbea haiekin batera kantatzera animatu zuen. "Ez nuen sekula pentsatu nire ahotsa apartekoa zenik, baina betidanik gustatu izan zait abestea", gogoratu du.

Julian Barrenetxea abesbatzara, ordea, askoz geroago iritsi zen; pandemiaren ostean, 2021ean, batu zen talde horretara. Aurretik hasia zen Kantujiran abesten eta gitarra jotzen; handik iritsi zitzaion abesbatzara batzeko gonbita. Ez du ahaztu lehen entsegura joan zenean zuzendariak esandakoa: "Eta non egon zara orain arte? Lehenago etor zintezkeen".

Abesbatzako kide izateaz gain, ardura berezia du gaur egun talde horretan: astean behin zuzendari lanak egiten ditu. "Astelehenetan nik gidatzen dut entsegua, eta asteazkenetan etortzen da zuzendaria". Izan ere, azken urteetan koru zuzendaritzako ikastaroetan ere parte hartzen du. Urtero astebete ematen du Bilbon, Euskal Herriko hainbat txokotako jendearekin ikasten. "Ez dut helburu zehatzik. Gustatu egiten zait, eta ikastera eta disfrutatzera joaten naiz".

                Arantxa Orbea, Sanagustinpean. (Anitz Urkizu)

Musika, ordea, ez da kantura mugatzen; bere benetako etxea banda dela dio, argi eta garbi. Hamar urte ingururekin hasi zen klarinetea jotzen Azpeitiko Udal Musika Bandan. "Klarinetea ni baino handiagoa zen", dio, barrez. Hamabi urte inguruz aritu zen lehen etapa hartan bandan. Haurdun zegoela ere jotzen jarraitu zuen, trajea egokituta. Ondoren, baina, familiaren eta bizitzaren gorabeherengatik, utzi egin zuen.

2016an, Udal Musika Bandaren 150. urteurrena prestatzen ari zirenean, argazkiak eta anekdotak biltzeko laguntza eskatu zioten. Gainera, urteurrena ospatzeko, garai batean bandan ibilitakoak berriro jotzera gonbidatu zituzten Santa Zezilia egunean. Hala, klarinetea hartu, pixka bat entseatu, eta berriro batu zen hain kutuna zuen taldera. "Egun hartan jo ondoren, musika eskolan izena eman nuen, eta urtebete pasatzerako, bandara itzuli nintzen".

Ordutik, ez da gelditu. Klarinetearekin jarraitzeaz gain, oboea ikasten ere hasi da; orkestretan ohikoa den haize instrumentua da, eta itxuraz klarinetearen antza badu ere, soinu zorrotzagoa eta bereizgarriagoa du. Azpeitian ez dago instrumentu hori ikasteko aukerarik, eta, horregatik, Zumaiako musika eskolara joaten da astero ikastera. "Kontzertuetan oboea jotzen dut, eta kalejiretan klarinetea. Baina argi daukat klarinetea ez dudala sekula alde batera utziko".

Azken urteotan pianoarekin ere ausartu da. Denbora falta duela aitortzen du, baina gozatu egiten du instrumentu berriekin harremanetan jartzean. Izan ere, musikarekiko jakin-mina beti izan du barruan. Haurtzaroko uneak gogoratu ditu: ahizpa izan zen Azpeitiko lehen flauta jotzaileetako bat, eta etxean instrumentuak libre geratzen zirenean, Orbea haiek probatzen aritzen zen, ezkutuan. "Dena ukitu behar izaten nuen".

Egunerokoaren antolaketa

Gaur egun ere musikak antolatzen dio egunerokoa. Astelehenetik ostiralera, ia egunero izaten du entseguren edo eskolaren bat. Abesbatza, banda, kantuko eskolak, klarinetea, pianoa, oboea, Kantujira... "Batzuetan pentsatzen dut arratsalde oso bat etxean pasatu nahi dudala ezer egin gabe, baina gero ez dut egiten, beti ateratzen da zerbait".

Erritmo bizi horrek lagunarte handia ere eman dio. Musikari esker jende ugari ezagutu eta harreman sare zabala osatu du. Horregatik, musika ez du ulertzen nota eta partitura huts gisa: "Musikak bizia ematen dit. Ez da asebetetze pertsonala bakarrik; lagunak, ingurua eta bizipoza ere ematen dizkit".

Orbea, bandakideekin, San Sebastian eguneko prozesioan. (Guka)

Bandaren bilakaera ere gertutik bizitzeko aukera izan du. Haurra zenean, 35 lagun inguruko taldea zen eta gazteenetakoa zen Orbea. Gaur egun, berriz, taldea askoz handiagoa da eta bera da beteranoenetako bat. "Kalitate aldetik ere asko hobetu da. Lehen ez zegoen musika eskolarik; zuzendariek irakasten ziguten edo liburuxken bidez ikasten genuen". Emakumeen presentzian ere aldaketa handia ikusi du. "Lehen, sei edo zazpi emakume izango ginen. Orain, oso parekatuta daude gizonak eta emakumeak".

Kezka handia du, aldiz, abesbatzen etorkizunari lotuta; gazte gutxi ikusten du koruetan. "Bandan gazte asko dago, baina abesbatzetan ia batere ez. Pena handia ematen dit horrek". Horregatik, kantatzearen garrantzia aldarrikatu eta eztarria ere instrumentua dela gogorarazi du. Haren ustez, Kantujirak ere zeregin handia egiten du herria alaitzen. "Kantujira musikoterapia da. Ez du axola ongi edo gaizki abesten duzun, parte hartu eta disfrutatu egiten dugu". Abesbatzak, berriz, bestelako konpromisoa eskatzen duela dio: teknika, ahotsa eta lanketa.

Musikak momentu bereziki hunkigarriak ere oparitu dizkio. Senarraren oroitzapena askotan etortzen zaio burura pasodobleak jotzen dituztenean. Joxe Arrutik urte luzez jo zituen tronpetarekin bandako solo nagusiak, eta bere izena daraman pasodoblea ere badute. "Hura hil ondorengo lehen urteetan ezin nituen pasodobleak jo. Gaur egun ere emozio handia sortzen didate".

Beste proiektu berezi bat Julian Barrenetxea abesbatzarekin grabatutako diskoa izan da. Aurkezpenean, parrokian, Pozez beterik kantua abestu zuten amaieran. Publikoak ere bat egin zuen. "Izugarria izan zen. Oso hunkigarria".

Azpeitiko kultur eskaintzari lotuta ere badu kezka, bereziki Soreasu antzokiaren erabileraren bueltan. Uste du herriak daukan altxorretako bat dela eta ez dela behar bezala aprobetxatzen. "Akustika bikaina du, erosotasuna eskaintzen du eta herrian bertan daukagu. Pena ematen dit jende gehiago ez joateak".

Orbea (erdian) Julian Barrenetxea abesbatzarekin eta Parrokiako Koruarekin kontzertuan, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. (Utzitakoa)

Etorkizunari begira, ez du erretiro musikalik irudikatzen. Ez bandan, ez koruan, ez beste inon. "Bandan, abesten, musikaren bueltan jarraituko dut ahal dudan bitartean". Eta esaldi batean laburbiltzen du musikarekin duen lotura guztia: "Musika nire bizitzaren barru-barruko zerbait da, betidanik izan da eta hala izaten jarraituko du. Musika tresnak jotzeko gai ez naizen eguna iristen denean, ez dakit zer egingo dudan nire bizitzarekin". Bien bitartean, klarinetea eskuetan, oboea nahiz pianoa alboan eta ahotsa prest izango ditu beti; izan ere, musika ez da zaletasun hutsa Orbearentzat, bere bizitzari erritmoa ematen dion bihotz taupada baizik.

Motzean

Adina. 60 urte.
Ikasketak. Erizaintzako zaintza osagarrietako teknikaria.
Musikaria ez banintz... jostuna edo eskulana eskatzen duen zerbait izango nintzateke.
Musikaz kanpo gustuko dut... baratzean aritzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide