Iñaki Lasa, bizitza bakarrean mundu asko

Mailo Oiarzabal 2026ko abuztuaren 24a

Iñaki Lasa, Azpeitian. (Mailo Oiarzabal)

Matxinbentatik Arantzazura, Arantzazutik mundura eta buelta Arantzazura, baina beste ikuspegi batekin. Arantzazuri eskainitako liburua besapean, Otogoena baserrian hasitako ibilbide oparoaren zertzeladak gozo kontatu ditu mende laurdena pasa Gasteizko Olentzero (ere) izan zenak uztaileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Munduak buelta asko eman ditu Iñaki Lasa Nuinek (Matxinbenta, 1952) sorlekua utzi eta Arantzazuko santutegirako (Oñati, Gipuzkoa) bidea hartu zuenetik. Munduak buelta asko, eta Lasaren bizitzak eta mundu ikuskerak ere bai. Aldaketa eta eboluzio horren zati bat, bederen, jaso du Otogoena baserrikoak Arantzazu ama, errespetuzko begirada bat liburuan.

Haurtzaro-nerabezaroan han bizitako zazpi urteek ez zuten eragin makala izan Lasaren ondorengo pauso askotan, baina liburuan jaso nahi izan duen espiritualtasunaren ulerkera ez da frantziskotarrekin Arantzazuko seminarioan edota Erriberrin (Nafarroa) igarotako urteetan bizitakoaren molde berekoa. "Egun, euskaldun gehienak sekularizatuak daude, asko dira agnostikoak eta nahikotxo ateoak. XXI. mendean ezin da IV. mendeko kontzilioko dogma eta araudiarekin bizi. Gaurko gizon-emakumeok beste mundu ikuskera bat dugu", dio liburuaren aurkezpenean. Arantzazu tokiari, Arantzazu erlijioguneari, Arantzazu ama birjinari nahiz ama birjinaren kontzeptuari berari erreparatu die Lasak, besteak beste, berak bere kabuz iaz argitaratu zuen lanean.

"Maestra, se neka"

Arantzazura lehen aldiz iritsi aurretik, Matxinbenta izan zuen eskola Lasak. 11 seme-alabaz erditu zen beren ama, baina zazpi senide ezagutu zituen Iñakik. Umea zela, gertuko Otoerdikoekin, Otobarrenekoekin eta Erripakoekin elkartzen ziren Otogoenekoak igandeetan eta, jolasteko. "Normalean" lasatarren baserrian edo Otobarrenan elkartzen ziren, eta ez hain sarri, baina errepidera ere jaisten ziren. "Hura zen gure zelaigunea zenbait gauza egin ahal izateko, batez ere txirringarekin ibiltzeko eta. Txirringa, ez bizikleta, e, uztaia. Neskek, berriz, teila pusketekin margotzen zituzten lurrean txingoan jolasteko laukiak", kontatu du.

Matxinbenta eta Mandubia artean daude Oto baserriak, erdi-erdian, herrigunetik zein mendate gainetik 3,5 kilometrora, Lasak azaldu duenez. 6 urterekin hasi zen Matxinbentako eskolara joaten, eta batez ere eskolatik bueltakoa, maldan gora, luze egiten zitzaien arren, "bidean eskolan baino gehiago" ikasten zutela dio: "Beti kuadrillan egiten genuen eskolako joan-etorria. Otoerdikoak, Otobarrenekoak, beste mendikoak... elkarrekin ibiltzen ginen eta, bai, bidean asko ikasten zen". Esne partiketarako baliatzen zuten, besteak beste, eskolako joan-etorria Otogoenekoek: "Beherakoan beti esnea eramaten genuen, Galtzazarretakoentzat, eta bueltakoan jasotzen genuen handik marmita hutsa, hurrengo goizean berriro beteta jaisteko".

Eskolako oroitzapenak ez ditu hain gozoak Lasak. 45 bat neska-mutil baziren bere garaian Matxinbentako eskolan, eta maistrak, oso gazteak ia denak, Espainiatik etorritakoak. Zamoratik edota Valladolidetik 18-19 urterekin etortzen ziren haiek Matxinbenta ikusitakoan zer burutazio izango ote zituzten imajina dezake Otogoenekoak, baina berak eta kideek pairatutakoak ez ditu ahaztu: "Eurentzako oso gogorra izan behar zuen, baina gurekin ere oso gogorrak ziren haiek", laburtu du, xehetasunei ekin aurretik: "Han Espainiako bandera jartzen zen egunero, eta kantatzen genuen, besoa altxatuta. Ni askotan egon nintzen belauniko, zigortuta, eskuak gurutzean jarrita eta liburu bana hartuta, igoal; gehienetan, euskaraz hitz egiteagatik. Behin, gisa horretan nengoela, besoak jaitsi nituen nonbait, ezin eutsita, eta esan izango zidan maistrak: 'Ignacio, ¡esos brazos!'. Eta erantzun omen nion: 'Maestra, se neka'. Lagunei aditu izan diet pasadizo hori, ni ez nintzen gogoratzen". Euskañola, baina beste klase batekoa.

Otogoena baserria. (Iñaki Lasa)

Arantzazu, beste mundu bat

Han zuen anaia zaharragoaren pausoei jarraituz, maistrekin "batere ondo konpontzen ez" eta Matxinbentako eskolatik alde egitea nahi zuelako, eta baserriko lanak ere 12 urteko mutil koskor batentzat aski gogorrak zirelako –"baserrian asko disfrutatzen genuen, baina ez zen oso erosoa izaten idien aurrean itulan jardun beharra"–, Arantzazura joatea erabaki zuen Lasak. "Aldaketa izugarria" izan zela dio. "Hura beste mundu bat zen, guztiz desberdina, hango antolakuntza eta hango zera".

1964an iritsi zen frantziskotarren seminariora, eta, garai hartan ohikoa ez bazen ere, zazpi urte segidan egin zituen Arantzazun. Sei urteko ikasketak egiten zituzten fraidegai gaztetxoek; Arantzazun hirugarren maila osatutakoan, Forura (Bizkaia) joaten ziren, hango frantziskotarretan beste bi urte egitera; eta Forutik Zarautzera, nobiziotza egin eta abituak hartzeko. Lasak, ordea, errepikatu egin behar izan zuen hirugarren maila Arantzazun, eta horretan ari zela, Foruko komentua erre egin zen. "Zorte handia izan genuen", dio, Arantzazun zazpi urte kateatzeko aukera izan zuelako eta, gainera, Zarautzera nobizio aldia egitera joan beharrean, zuzenean Erriberrira joateko eta han Filosofia ikasketak egiteko aukera izan zuelako.

Abiturik ez zuen hartu Lasak. Erriberrin ikasketak bukatutakoan, bera eta fraidetzaren bidetik jarraitzea argi ikusten ez zuten beste lau lagun Bilbora joan ziren. Artean frantziskotarren mantupean, baina beren kabuz ikasten eta lanean, urtebete egin zuten fraideen Iralako etxean ostatu hartuta. "Kanpoan zer zegoen" ikusita, urtebeteren buruan boskoteko bakarrak erabaki zuen abituak hartzea.

Irakasle, Algortatik Gasteizera

"Arteak beti erakarri" izan du Lasa, eta Bilbon Artea eta Dekorazioa ikasi zuen akademia batean. Hiru urteko ikasketak burututa, estudio batean hasi zen lanean, baina bide horri ez zion luzaroan eutsi. "1974-1975 sasoi hartan, krisi izugarrian geunden eta oso gaizki zegoen dena, Bilbon itxi egin ziren hango enpresa handiak. Ikusten nuen dekorazioak, une hartan, ez zeukala halako irtenbiderik, eta lanbide harekin lotutako zenbait jardunbide ere ez zitzaizkidan batere gustatzen", kontatu du.

Artea eta Dekorazioa ikasten zuen bitartean, ordea, Algortako (Getxo, Bizkaia) San Nikolas ikastolan marrazketa eskolak ematen hasi zen. Umeekin lan egitea bai, gustatu zitzaion. Eusko Jaurlaritzak ikastoletan titulurik gabe lanean ari ziren maisu-maistrentzat prestatutako hiru urteko ikastaro trinkoan izena emanda atera zuen Lasak Magisteritza titulua, eta irakaskuntzan jarraitu zuen erretiroa hartu arte, Arte Hezkuntza irakasten, "marrazketa, plastika, dramatizazioa eta, gero, musika".

Iñaki Lasa, 10 urterekin, eskolako argazkian. (Utzitakoa)

Gainera, Algortako ikastolan ezagutu zuen Edurne Arrizabalaga, bere emaztea izango zena. 1977an ezkondu ziren Lasa eta Arrizabalaga, "elizatik", baina Otogoenan, baserriaren atariko intxaurrondo baten azpian. "Hurrengo egunean, Donostiako gotzainak bazekien non eta nola ezkondu ginen". Sopelan (Bizkaia) jarri ziren bizitzen.

Algortako San Nikolasen zazpi urtez lan egin ondoren, emaztearekin eta alaba zaharrenarekin Gasteizera joan zen bizitzera Matxinbentakoa, Arrasaten bizi zen emaztearen amarengandik gertuago egotearren. Han, Duranako Ikasbidea ikastolan egin zuen lan bikoteak. Azken hamar urteetan, "musika bakarrik" eman zuen Lasak, LHn. "Imanok Urbietaren jarraitzaile handia", musikari zarauztarrak Xirula Mirulan ondutako metodoa osorik digitalizatu eta, bere ekarpenak gehituta –"ariketak, batez ere"–, Elkarrek argitaratu eta lainora igo zuen, nahi zuten ikastetxeek, urtean kanon bat ordainduta, material hori nahi zutenean erabil zezaten. "Ez dakit han jarraitzen duen ere", dio Lasak.

Errua, Andoni Egañarena

1981ean iritsi ziren Lasa eta familia Gasteizera. "Kalean ez zenuen entzuten euskararik. Norbait euskaraz entzunez gero, atzera jiratzen nintzen. Orain bai, orain entzuten da euskara Gasteizko kaleetan".

Horretan ere jarri du bere alea matxinbentarrak, era batera edo bestera. Esaterako, 26 urtez izan zen Lasa Gasteizko Olentzero. "Ezustean" iritsi zitzaion Olentzero gorpuzteko eskaintza, "eta kulpa guztia Andoni Egañarena izan zen", bota du, umoretsu. 1991. urtea zen, eta Zarauzko bertsolaria Euskara arloko teknikaria zen sasoi hartan Gasteizko Udalean. Hain zuzen ere, urte hartan erabaki zuen udalak lehen aldiz Olentzeroren bueltan kalejira eta festa ofiziala antolatzea. Lehendik ezagutzen zuten elkar Lasak eta Egañak, eta Matxinbentakoa Olentzerorena egiteko pertsona aproposa zela otu zitzaion Zarauzkoari. Egañak eskaintza nola egin zion gogoan du Lasak: "Telefonoz deitu zidan, eta hasi zen: 'Aizak, Iñaki, hik blusa on bat edukiko duk'. Eta nik: 'Bai, bazeukat, festetakoa'. 'Orduan, mahoizko praka batzuk ere edukiko dituk', Egañak. Eta nik: 'Bai, horiek ere bai, blusarekin janzteko'. 'Orduan, abarkak ere bai', hark; 'baita abarkak ere', nik. Eta bota zidan: 'Hi haiz Olentzero perfektua'". Ezin esan Egaña asko erratu zenik. Hasieran urte baterako eman zuen hitza, baina 2017an gorpuztu zuen azken aldiz Olentzero. 17 urterekin utzi zuen bizarra Lasak eta harrezkero ez du inoiz kendu, baina Olentzeroren azalean sartzeko luzatzen uzten zuen, irailean hasita.

Olentzero gorpuztea esperientzia "oso polita" izan zela dio Lasak, baina hasierako pasarte batzuk hain gozoak ez zirela izan ere bai. "El Corte Ingleseko parkingaren sarrerako paretan Fuera Olentzero idatzita ikusi nuen. Unidad Alavesa alderdiaren urteak ziren". Urteen poderioz, eta besteak beste Lasak berak egindako zabalkunde eta pedagogia lanari esker –atxikimendu bila, baina baita Olentzeroren esanahia-eta ezagutarazteko ere–, indarra hartzen joan zen Olentzeroren bueltako festa Gasteizen. "Errege Magoena sofistikatuagoa izango da, agian, baina Olentzeroren desfile oso polita egiten da gaur egun Gasteizen".

Iñaki Lasa Olentzeroren azalean sartuta, Mari Domingiren ondoan. (Arabako Alea)

Alargunduta, beste mundu bat

2015eko urtarrilean, 63 urterekin, hartu zuen erretiroa Lasak, eta otsailaren 15ean hil zitzaion emaztea. Hiru urte lehenago, 60 urterekin, izan zuen hark jubilatzeko aukera. "Ez genuen erretiratu ondorengo egunak elkarrekin ospatzeko aukerarik eduki. Hiru urte itxoiten ni jubilatzeko, planak egiten eta bidaiak prestatzen, eta dena pikutara joan zen".

Alargundu zenean hasi zen sakontzen Lasa orain liburuan eta aurretik prentsan zabaldu duen espiritualtasunaren munduan, "Jaungoikoarengandik urruntzen eta gertuagoko zerbaitera" hurbiltzen. "Aldaketa espiritual horrekin batera, beharra sentitu nuen sentitzen dudana eta ikusten dudana beste batzuei adierazteko", azaldu du, idaztera bultzatu duten arrazoiez galdetuta. "Arantzazun erdara edo literatura eman zidatenek ikusiko balute Iñaki Lasa artikuluak idazten ari dela... ez dakit zer aurpegi jarriko luketen, egia esan. Ez naiz idazlea", dio, xume. Baina idatzi, idazten du: Arantzazu ama, errespetuzko begirada bat liburua ez ezik, lauzpabost artikulu urtean, urtaro aldaketekin-eta lotuta, gehienak. Berria-n, Argia-n, Naiz-en, Arabako Alea-n eta Urrezko Zeledon blogean irakur daitezke horiek, hogeitik gora jada; eta etorriko direnak. Eta, argitaratzeko aukerarik izango al duen ez daki, baina beste liburu bat ere bukatuta du; momentuz, tiraderan gordeta.

Bizitza bakarrean mundu asko, mundu bakarrean bizipen asko, eta gelditzen zaizkionak, besteak beste, Kontxi Aizarna "lagunarekin" eta inguru osoarekin partekatzeko gogoz jarraitzen du Iñaki Lasak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide