Padel pistetako lurra konpontzeko obrak hasiko dituzte gaur

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 27a

Padel pistetako bateko lurra. (Azpeitiko Udala)

Kiroldegiaren ondoko bi padel pistetako lurra aldatuko dute, eta ondorioz, aste honetan ez dira horiek erabilgarri izango. Garmendipeko goiko zelaiko belar artifiziala aldatzeko lanak, berriz, abuztuan hasiko dituzte. Saninazioetan itxita izango dira igerilekuaren eraikina eta kiroldegia, eta abuztuko lehen egunetan mantenu lanak egingo dituzte barruko igerilekuetan.

Azpeitiko Udalak kirol azpiegituretan zenbait hobekuntza egiteko lanak gauzatuko ditu datozen asteetan. Gaur, esaterako, kiroldegiaren ondoko bi padel pistetako lurra aldatzen hasiko dira, eta ondorioz, aste honetan ez dira horiek erabilgarri izango.

Bestalde, Garmendipeko goiko zelaiko belar artifiziala aldatzeko lanak esleituta ditu erakundeak. Abuztuaren bukaeran hasiko dira gaur egun zelai horretan dagoen belarra kentzen, eta gaztetxoen futbol denboraldia hasterako zelaia prest izango dela aurreikusten du udalak.

Igerilekuan, mantenu lanak

Saninazioetan –uztailaren 30ean eta 31n nahiz abuztuaren 1ean– itxita izango da igerilekuaren eraikina. Behin festak igarota, eta urtero legez, mantentze lanak egingo dituzte estalitako igerilekuetan. Abuztuaren lehen egunetan hasiko dira lanean, hain zuzen, estalitako sei kaleko igerilekuan eta igerileku txikian.

Horrenbestez, abuztuaren 2tik 16ra –biak barne– itxita egongo dira bi igerileku horiek. Dena den, egun horietan erabilgarri izango dira gimnasioa nahiz sauna. Gainera, mantentze lanei irauten duten bitartean –uztailaren 30etik abuztuaren 9ra– Azkoitiko igerilekura joan ahal izango dute Azpeitiko erabiltzaileek.

Kiroldegia ere itxita izango da uztailaren 30etik abuztuaren 9ra bitartean, eta abuztuko gainerako egunetan erabilgarri izango dira hango azpiegiturak, udako ordutegiarekin.

Kanpoko igerilekua irailaren 28ra arte egongo da zabalik egunero, 11:00etatik 20:00etara bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide