Herriko errepideak zeharkatu ditu Donostiako Klasikoak

Andoni Elduaien 2026ko abuztuaren 1a

13:10 aldean igaro da txirrindularitza proba Azpeititik, eta handik Urraki mendaterako bidea hartu du. Hainbat lagunek osatutako ihesaldia sortu da, eta haiek izan dira herrira iristen aurrenak.

Gizonezkoen Donostiako Klasikoa lasterketak Azpeitia zeharkatu du gaur, larunbata. Donostiako Alderdi Ederretik abiatu da proba, eta Gipuzkoako hainbat herritatik igaroko da bidean, tartean Azpeititik. 13:10 aldean iritsi da eguneko ihesaldia herrigunera. Hainbat lagunek osatutako ihesaldia sortu da, eta haiek izan dira herrira iristen aurrenak, eta bi-hiru minutu artean igaro da tropela. 

Azpeitiko zati guztia GI-2634 errepidean zehar egin dute txirrindulariek. Bidearen bi alboetan txirrindularitzaren zale ugari elkartu da, eta parte hartzaileek ez dute horien animorik falta izan. Herrigunea atzean utzita, Urraki mendatea (2. maila) egitera abiatu dira txirrindulariak. Azpeitia, ordea, ez da izan eskualdetik igaro den herri bakarra; izan ere, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa eta Azkoitia ere igaro dituzte txirrindulariek gaur.

(Argazkiak: Andoni Elduaien eta Eli Aizpuru)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide