Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak bihar jokatuko du denboraldi aurreko lehen partida

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 7a

Lagun Onakeko gizonen lehen taldeko kideak, aste honetako entrenamendua saio batean. (Lagun Onak)

Santio jaien ostean ekin zien taldeak Jose Luis Riberak gidatzen duen taldeak entrenamendu saioei, eta denboraldi aurreko lagunarteko lehen norgehiagoka izango da bihar Errenterian jokatuko dutena. Ondoren, beste lau lagunarteko partida jokatuko dituzte, eta irailaren 6ko asteburuan jokatuko dute 2026-27 denboraldiko lehen neurketa. Emakumeen lehen taldeak hilaren 17an hasiko du denboraldi aurrea, Aitor Larburu entrenatzaile berriaren gidaritzapean.

Hilabete baino gutxiago geratzen da futboleko Espainiako Hirugarren Mailako denboraldia hasteko, eta Lagun Onakeko gizonak hasi dira buru-belarri prestaketa lanetan. Irailaren 6ko asteburuan jokatuko dute estraineko partida Jose Luis Riberak gidatzen duen taldeko mutilek, etxean, Leioaren aurka, eta norgehiagoka horretara ahalik eta ondoen iristeko, Santio jaien ostean hasi zituzten entrenamenduak. 

Bihar ekingo die taldeak lagunarteko partidei ere; izan ere, Errenterian jokatuko dute denboraldi aurreko lehen neurketa, Pasaiaren aurka. Gero, beste lau hitzordu ere izango dituzte, liga hasterako: abuztuaren 12an, Pasaiaren kontra jokatuko dute, Garmendipen (19:30); abuztuaren 19an Ondarroan, Aurreraren aurka (19:30); abuztuaren 22an Reala Cren kontra ariko dira, Garmendipen (11:00), Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoan; eta hilaren 29an ere etxean jardungo dute (11:00), Beasain aurkari dutela.

Aurreko sasoiari erreparatuta, hainbat jokalarik utzi dute taldea, baina taldea osatzeko xedez, beste hainbat fitxaketa egin ditu Lagun Onakek. Hain zuzen ere, gizonen lehen taldera batu dira: Julen Etxebarria beasaindarra, Ibon Makazaga elgoibartarra, Danel Barriola tolosarra, Urko Arozena azpeitiarra, Ander Irigoien getariarra, Ilias Abouallal zumarragarra, Kepa Goikoetxea hondarribiarra eta Asier Vazquez ataundarra. Halaber, denboraldi aurrean lehen taldearekin egingo dituzte prestaketak harrobiko honako jokalari hauek: Aimar Leunda, Mikel Letamendia, Iker Gabilondo, Jakes Aranbarri, Unax Uria, Iker Bastida, Janitz Etxabe, Oskitz Aldalur, Aitor Muñoz, Pello Odriozola, Iker Iraolagoitia, Jokin Iraolagoitia eta Joanes Lizarzaburu. 

Emakumeek aurki

Lagun Onakeko emakumeen lehen taldeko jokalariak atseden hartzen ari dira asteotan, baina aurki itzuliko dira berdegunera; izan ere, ondo bidean, abuztuaren 17an hasiko dute horiek denboraldi aurrea. Datorren sasoian Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak ez dute taldea zuzentzen segituko, eta haien lekukoa Aitor Larburu beasaindarrak hartuko du. Talde teknikoa ez ezik, jokalarien zerrenda ere osatzen ari dira dagoeneko.

Ohorezko Erregional Mailako emakumeen taldeak irailaren 22an hasiko du 2026-27 denboraldia; lehen jardunaldian etxean jokatuko dute, Oiartzunen aurka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide