Lurra berrituta, erabilgarri dira padel pistak

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 11

Zorus berritu duten bi padel pistetako bat. (Julene Frantzesena)

Kiroldegiaren atzeko aldean diren bi pistetako zorua berritu zuen joan zen astean udalak. Atzotik zabalik dira azpiegitura horiek, baita kiroldegia ere. Irailaren 7ra arte, baina, udako ordutegia izango dute.

Astebetez itxita egon ondoren, atzera zabalik da kiroldegia, baita eraikin horren atzean kokatuta dauden bi padel pistak ere. Udalak joan zen astean berritu zuen pista horietako zorua, eta horrenbestez, nahi duenak padelean jokatzeko aukera du berriro. 

Hori bai, udako ordutegia dute asteotan kiroldegiak eta hango instalazioek. Aste honetan, ostiralera bitartean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango dira zabalik; larunbata, Andre Mari bezpera eta jaieguna izango denez, itxita izango dira, eta igandean, 09:00etatik 14:00etara irekiko dituzte.

Datozen asteetako ordutegia

Abuztuko azken bi asteetan eta iraileko aurrenekoan ere ordutegi berezia izango dute instalazio horiek. Hain zuzen ere, datozen bi asteetan, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 22:00etara izango dira erabilgarri; asteburuetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara.

Iraileko lehen astean ere, astegunetan, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 22:00etara egongo dira irekita; eta asteburu horretan berreskuratuko du ohiko ordutegia: 08:30etik 20:30era egongo da irekita. Irailaren 7tik aurrera ohiko ordutegia izango dute kirol azpiegitura horiek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide