Loiolako Santutegian beste bi bisita gidatu egingo dituzte bihar eta etzi

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 18a

Loiolako Santutegia.

Herritarrek santutegia ikuspegi artistikotik nahiz espiritualetik ezagutzeko aukera izango dute. Bisita 11:00etan hasiko da, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Asteazkenean gauza bera egingo dute, baina gaztelaniaz. 

Loiolako Santutegia ezagutzeko aukera izango dute herritarrek aste honetan ere. Izan ere, Urola Turismoak asteazkenerako eta ostegunerako jarri ditu ondare historikoa ezagutzeko hitzorduak. Aurreko asteetan gisan, herritarrek santutegia ikuspegi artistikotik ez ezik, ikuspegi espiritualetik ere ezagutu ahal izango dute.

Asteazkeneko bisitan gaztelaniaz emango dituzte azalpenak; ostegunekoan, berriz, euskaraz. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta, 688 75 94 29 zenbakira Whatsapp mezua bidalita edo i-loiola@urolaturismoa.eus helbidera mezua idatzita.

Bi egunetan 11:00etan elkartuko dira partaideak eta gidari lanak egingo dituen kidea, Loiolako zabalgunearen parean dagoen Turismo Bulegoaren aurrean. Ordu eta erdiko saioak izango da, eta Santutegiaren barruko Etxe Santuko sarrera ordaindu beharko dute parte hartzaileek: hiru euro jubilatuek, eta lau euro, gainerakoek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide