Mikel Larrañaga aikolariak hirugarren egin zuen atzo, larunbata, Donostiako Aste Nagusiaren barruan Trinitate plazan jokatutako Urrezko Aizkora Kopa lehian. Azpeitiarrak txukun egin zituen lanak, baina ez zen gai izan Iker Vicenteren erritmoari eusteko. Izan ere, Otsagabikoa (Nafarroa) izan zen lehiaren jaun eta jabe, hamalau kanaerdiko 31 minututan eta 47 segundotan ebaki baitzituen.
Bigarren postua lortzeko lehian aritu ziren Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a, baina azkoitiarrak aurre hartu zion azpeitiarrari, eta harentzat izan zen podiumeko bigarren koska. 33 minutu eta 14 segundo behar izan zituen Txikia IV.ak lanak bukatzeko, eta 45 segundo gehiago Larrañagak (33.59). Horrenbestez, Larrañagak ezin izan dio eutsi azken bi urteetan lortutako bigarren postuari.
Bost aizkolari aritu ziren atzokoan lehian, eta Vicenteren, Txikia IV.aren eta Larrañagaren atzetik sailkatu ziren Hodei Ezpeleta Bihurri II.a (34.56), eta Julen Gabirondo ordezkatu zuen eta lanak bukatzen gehien kostatu zitzaion Xabier Zaldua (42.33). Vicentek seigarrenez irabazi du Urrezko Kopa.