Sekulako denboraldia egiten ari dira Jone Arriaran eta German Aranburu dantzariak, txapel bat bestearen atzetik irabazita. Azken bi egunak ere emankorrak atera zaizkie. Dantza sueltoko hiru txapelketatan parte hartu dute: igandean Amurriokoan (Araba) eta Laudiokoan (Araba), eta atzo, Azkoitikoan. Horietatik bi, Azkoitikoa eta Amurriokoa, irabazi egin egin dituzte; eta bestean, Laudiokoan, bigarren gelditu dira.
Azkoitian, abuztuaren 17an, andremarietako Baserritarren Egunean, egin ohi dute helduen dantza suelto txapelketa, eta aurtengoan ere ez dute hutsik egin. Zazpi bikote igo ziren Balda plazan jarritako oholtzara, arretaz begira zituzten dozenaka herritarren aurrean, eta epaimahaiak ebatzi zuen Arriaranek eta Aranburuk osatutako bikotea izan zela denetan onena.
Gainera, sari nagusia bakarrik ez, hirugarrena ere Azpeitira etorri zen, Nora Aizpuruk eta Iker Zabalak egindako lanari esker. Bigarren saria, berriz, Lizartzako (Gipuzkoa) Onditz Esnaolak eta Sopelako (Bizkaia) Gorka Granadok osatutako bikotearentzat izan zen.