Xoxoten gaua pasatzeko irteera antolatu du Lagun Onakek

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 20a

Xoxoteko eguneko irudia. (Ane Olaizola)

Irailaren 12tik 13rako asteburuan egingo dute irteera, eta bereziki haur eta gaztetxoei zuzendutako txangoa izango da. Azpeitiko plazatik abiatu eta Xoxotera igo, han gaua igaro eta hurrengo egunean bazkaldu eta gero jaitsiko dira atzera herrira. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da. 

Irailaren 12tik 13rako asteburuan Xoxotera igo eta han gaua pasatzeko irteera antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak. Bereziki elkarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako mendi irteera izango da, eta Xoxoteko aterpean afaldu eta gaua pasatzeaz gain, Izarraizko ingurunea jolasean arakatzeko baliatuko dute txangoa. 

Larunbatean, irailaren 12an, 10:00etan abiatuko dira Azpeitiko plazatik, eta igandean bazkalostean itzuliko dira atzera herrira. Larunbateko bazkaria, lotarako izarak edo zakuak eta frontala eraman beharko dituzte irteeran parte hartzen dutenek. 

Haurrek eta bazkide diren helduek 30 euro ordaindu beharko dute parte hartzea; bazkide ez diren helduek, berriz, 40 euro. Prezio horren barruan sartzen dira Xoxoteko aterpean gaua pasatzea, larunbateko afaria eta igandeko gosaria nahiz bazkaria. 

Irteeran izena emateko Lagun Onak mendi bazkunaren kontu korrontean (Rural Kutxa: ES05 3008 0152 64 5416695822) norbere izen-abizenekin diru sarrera egin beharko da, eta ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbidera bidali beharko da gero, baita antolakuntzak jakin beharreko beste edozein informazio ere. Izena emateko azken eguna irailaren 10a, osteguna, izango da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide