Iruña Okara irteera antolatu du Baigerak irailaren 24rako

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 24a

Iruña Okako erromatar zubia.

Iruña Okan Santa Katalinako lorategi botanikoa bisitatuko dute aurrena, eta Gasteizen bazkalduko dute gero. Jada zabalik dago izena emateko epea, eta partaide bakoitzak 40 euro ordaindu beharko ditu. 

Iruña Okara (Araba) ibilaldia antolatu du Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak irailaren 24rako. Jada zabaldu dute irteerarako izena emateko epea, eta herritarrek irailaren 23ra arte izango dute horretarako aukera. 40 euro ordaindu beharko du partaide bakoitzak. 

Irailaren 24an, ostegunez, 09:00etan abiatuko da autobusa Azpeitiko San Martin egoitza paretik Arabara. Santa Katalinako lorategi botanikoa bisitatuko dute goiz partean, eta Gasteizko Conde de Alava jatetxean bazkalduko dute gero. Arratsaldean itzuliko dira atzera Azpeitira. 

Bestalde, urriaren 1ean ospatuko dute aurten Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna, eta aurtengoan ere bazkaria antolatu du Baigerak egun horretarako. Aurretik, 13:00etan elkarretaratzea egingo dute plazan, eta 13:45ean azoka plazako ateak irekiko dituzte bertan bazkaldu ahal izateko. Divinus katerinak zerbitzatuko du aurtengo bazkaria, eta bazkalostean erromeria izango da DJ Arnoren eskutik. Egun horretako bazkarian izena lehenbailehen ematea komeni dela adierazi dute Baigerakoek; 25 euro ordaindu beharko du partaide bakoitzak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide