Atzo arte 16 urtez azpiko emakumeen Europako saskibaloi txapelketa jokatu zuten Errumanian. Txapelketa horretan, Luis Agirre Katxi entrenatzaile azpeitiarra Espainiako emakumeen selekzioan laguntzaile ibili da. Atzo Esloveniaren kontrako finala (87-40) irabazi zuen Espainiako selekzioak eta txapelduna izan da. Iaz ere, Europako txapelketako irabazlea izan zen Espainiako selekzioa, eta ordukoan ere Katxi entrenatzaile laguntzaile aritu zen.
Azken denboraldira arte Iraurgi saskibaloi klubeko Domusa Teknik ISB emakumeen talde nagusiaren entrenatzailea izan da Katxi. Sasoi berrian, berriz, ISBren infantil nesken taldea entrenatuko du, eta ISBren kirol mahaian emakumeen infantil mailatik seniorren arterako taldeen koordinatzaile ariko da.