Bihar, hilak 25, hasiko dira Garmendipeko goiko futbol zelaia berritzeko lanekin. Azpeitiko Udalak zelaiko belarra aldatuko du, baita ekipamendu osagarriak berritu ere, eta horrenbestez eremua ez da erabilgarri egongo herritarrentzat. Garmendipeko zelaietan erabiltzaile asko ibiltzen da, eta goiko futbol zelaian, zehazki, Lagun Onak eta Ikasberri klubetako zenbait taldek entrenatzen dute. Horrez gain, aisialdian herriko gazte askok erabiltzen dute futbolean aritzeko.
Erakundearen arabera, "belar aldaketa Azpeitiko Udala kirol azpiegiturak berritzeko egiten ari den inbertsioen barruan kokatzen da". Izan ere, uda honetan kiroldegiko padel pistetako lurra berritu du udalak, baita kanpoko igerilekuko berdegunea handitu ere. Udalak emandako datuen arabera, 250.000 euro (+BEZ) inguruan bideratu dituzte futbol zelaiko belarra eta ekipamendu osagarria berritzeko lanetara.