Azpeitiko parrokiaren kanpandorrea sendotuko dute

Andoni Elduaien 2026ko abuztuaren 25a

Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokia. (Mailo Oiarzabal)

Urtea bukatu aurretik Donostiako Elizbarrutiak Gipuzkoako ondare erlijiosoa zahaberritzeko zenbait esku hartze egingo ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Obra horietako bat da Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen kanpandorrea sendotzeko egingo dutena.

Donostiako Elizbarrutiak Gipuzkoako ondare erlijiosoa zaharberritzeko eta kontserbatzeko zenbait esku hartze egingo ditu urtea amaitu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzarekin. Guztira, hamar gunetan egingo dituzte lanak. Horietako bat da Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokia elizako obra. Elizako kanpandorrea sendotzeko lanak dira Azpeitian egingo dituztenak.

Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak adierazi du, ondare erlijiosoa "herrien memoriaren, historiaren eta paisaiaren parte" dela. "Hori kontserbatzeak ez du esan nahi soilik eraikinak babestea, baizik eta gure komunitateak nola eraiki diren azaltzen duten testigantzak gordetzea eta hurrengo belaunaldiek ezagutzen eta gozatzen jarraitu ahal izatea bermatzea. Gure ondarea babestea lurralde kohesioa indartzeko eta kulturarako sarbidean berdintasuna bermatzeko modu bat ere bada", adierazi du diputatuak.

Kultura-ondasunen babesa

Aldundiak adierazi duenez, aipatutako zaharberritze horien guztien helburua da kultura ondasun deklaratutako eta Gipuzkoako tradizio arkitektonikoari, historikoari eta sozialari estuki lotutako eraikinen kontserbazioa bermatzea. Erakundearen arabera, esku hartze horiei guztiei esker, higiezinen "narriadura geldiarazi, egonkortasuna hobetu eta balio bereziko eraikuntza eta arkeologia elementuak babestu" ahal izango dira. "Estalkiak eta eliz atariak birgaitzea bereziki garrantzitsua da iragazketak eta kalteak saihesteko, horrek arriskuan jar baititzake egiturak eta barruan dauden ondasunak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide