Denboraldiaurreari kaixo eta agur

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 27a

Lagun Onakek eta Real C-k abuztuaren 22an Garmendipen jokatu zuten partida, Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoan. (Iraia Oteiza)

Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak bihar jokatuko du denboraldiaurreko lehen lagunartekoa, 19:30ean hasita, Deban. Gizonen lehen taldeak, berriz, ligari ekin aurreko azken lagunartekoa jokatuko du zapatuan. Beasainen kontra neurtuko ditu indarrak, Garmendipen, 11:00etan hasiko den norgehiagokan. Partidaren garaian, klubeko bazkideek denboraldi berrirako txartela jasotzeko aukera izango dute horretarako jarriko duten mahaian. 

Lagun Onaken bi talde nagusiak jo eta su ari dira dagoeneko, emakumeak denboraldiaurrea hasten, gizonak bukatzen. Hain zuzen ere, Aitor Larburu beasaindarraren esanetara ari den Ohorezko Erregional Mailako emakumeen taldeak bihar, ostirala, jokatuko du aurreneko lagunartekoa Deban, Amaikak Baten kontra, 19:30ean hasita. Hirugarren Mailako gizonen taldeak, aldiz, etzi, larunbata, etxean jokatuko du denboraldiaurreko azken norgehiagoka. Jose Luis Riberarenek Beasainen kontra neurtuko dituzte indarrak, Garmendipe futbol zelaian, 11:00etan hasita.

Larunbatekoa denboraldiaurreko laugarren eta azken partida dute gizonek, iragan asteetan jokatu baitituzte Pasaiaren eta Ondarroako Aurreraren aurka lagunarteko bana, eta Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoan Real C-ren kontrako norgehiagoka. 2026-2027 denboraldia, berriz, hurrengo asteburuan hasiko dute. Hain justu, hilaren 5ean, zapatuan, Leioa hartuko dute etxean, ligako lehen jardunaldian.

Emakumeek irailaren 22an ekingo diote denboraldi berriari, Garmendipen, eta aurreneko jardunaldian Oiartzun izango dute arerio. Ordurako, ordea, biharkoaz gain, lagunarteko beste bi partida jokatzea aurreikusten dute: irailaren 5ean, Zarautzen kontra, etxean; eta irailaren 12an, Oriokoren kontra, Orion.  

Baina talde nagusiek bakarrik ez, beste mailetako taldeek ere dagoeneko ekin diete entrenamendu saioei, guztiak ere datozen asteetan hasiko direlako ligaren lehian. Prestaketa lan horien barruan, ohikoa izaten da lagunarteko partidak jokatzea, eta etzi, larunbata, halaxe egingo dute Lagun Onaken eta Ikasberriren Erregional Mailako taldeek; lagunarteko derbia jokatuko dute Garmendipen, belar artifizialdun zelaian, 10:30ean hasita. 

Bazkide txartelak, larunbatean

Lagun Onaken zuzendaritzak jakinarazi du klubeko bazkideek etzi, zapatua, denboraldi berrirako txartela jasotzeko aukera izango dutela Garmendipen. Horretarako mahai bat jarriko dute Hirugarren Mailako taldea Beasainen kontra jokatzen ari den garaian, eta hara bertaratu beharko dute bazkideek. Klubaren zuzendaritzak bazkideei eskatu die txartelak jasotzeko larunbateko aukera baliatzeko, ahal duten neurrian behintzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide