Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun trenak asteburu honetan hiru aldiz egingo du museoaren eta Lasao auzoaren arteko 4,5 kilometroko joan-etorria. Larunbatean 12:00etan eta 17:30ean museotik irtenda egingo du trenak bidaia, eta igandean, berriz, 12:00etan. Diesel trakzio trenak ere martxan jarri dituzte abuztuko astegunetan, eta gaur izango da martxan jarriko dituzten azkenengo eguna. 12:00etan eta 17:30ean ateratzen dira tren horiek museoko geltokitik.
Burdinbidearen Euskal Museoa igandera (abuztuak 30) bitartean udako ordutegian irekiko dute, gaur eta bihar 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta igandean, 10:30etik 14:00etara. Datorren asteartetik aurrera, baina, neguko ordutegia izango dute indarrean museoan. Alegia, lanegunetan (asteartetik ostiralera) 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era irekiko dute, larunbatetan 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19.30era eta igandeetan eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik) 10:30etik 14:00etara.
Bisitariek Europako tren bildumarik onenetarikoa ikusteko aukera dute museoan, baita makina erreminta multzo osatuenetakoa ere. Azarora bitartean, gainera, lurrun trenean bidaiatzeko aukera izango dute, larunbatetan 12:00etan eta 17:30ean museotik irtenda eta igandeetan 12:00etan.