Urrestillako errota zaharraren alboko eraikinetako bat erori da bart, lehendik ere nahiko egoera kaskarrean zegoena. Zehazki, errotaren ezker aldeko eraikina da hondoratu dena, garai batean zerrategia izandakoa.
2018ko urtarrilean ere kalteak izan zituen errotak. Orduko hartan, errota zaharraren gaineko teilatua hondoratu zen, eta udalak egin zituen orduan konponketa lanak. Izan ere, 2007tik Azpeitiko Udala da errota zaharraren eta haren ondoko beste bi eraikinen jabea. Azpeitiko Udaleko teknikariek azaldu dutenez, bart erori den eraikinaren ingurua hesituta dago, eta herritarrentzat ez da arriskutsua.