Saharako haurrak itzuli dira errefuxiatu kanpamentuetara

Mailo Oiarzabal 2026ko abuztuaren 28a

Uda bailaran igaro duten Saharako haurrak. (Darahli)

Atzo hartu zuten itzulerako hegaldia Darahliren eskutik eta Oporrak Bakean programaren barruan uda Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian igaro duten hemezortzi neska-mutilek. Horiekin egon diren boluntarioei eta familiei zein proiektua babestu duten guztiei eskerrak eman dizkie Darahlik. "Haur sahararrak etxera itzuli dira, baina ez beren lurraldera. Uda amaitu da; elkartasuna, ordea, ez", azpimarratu du elkarteak.

Atzo hartu zuten itzulerako hegaldia Darahli elkartearen eskutik eta Oporrak Bakean programaren barruan uda Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian igaro duten Saharako haurrek. Bi hilabete egin dituzte ume horiek bailaran: aipatutalp herrietako familietan hartu dituzte bost, eta gainerako hamahiruak aurten lehen aldiz Ikasberri ikastolan egin duten Bakeleku udalekuan egon dira. Itzuli, ordea, hamazazpi egin dira. Izan ere, Darahlik jakinarazi duenez, haurretako batek datozen hilabeteetan ere Euskal Herrian jarraituko du, "ebakuntza bat eta ondorengo errekuperazio eta errehabilitazio prozesua egin ahal izateko".

Haur sahararrak errefuxiatu kanpamentuetara bueltatu orduko egin du aurtengoaren balantzea Darahlik. Elkartekoek beste behin nabarmendu bezala, Oporrak Bakean programari esker "basamortuko beroa eta errefuxiatuen kanpamentuetako egunerokoa atzean utzita" uda Euskal Herrian igarotzeko aukera eskaini diete Saharako hainbat neska-mutili. Aldi berean, Euskal Herriko familiek eta herritarrek haur saharrekin "elkarbizitzeko, beste kultura eta errealitate bat gertutik ezagutzeko eta Saharako herriarekiko elkartasuna adierazteko aukera" izan dute.

Darahlikoak gustura daude Saharako haurren aurtengo egonaldiak eman duenarekin, eta eskertuta ere bai, egitasmoa posible egin duten guztiekin. "Programa hau ez litzateke posible izango eskualdean sortzen den elkartasun eta elkarlan sare zabalik gabe", nabarmendu du elkarteak, eta sare zabal horren garrantzia azaldu du: "Aurten ere udal, enpresa, elkarte, norbanako, gazte, boluntario eta familia ugarik pafrte hartu dute. Bakoitzak bere modura egin du ekarpena: batzuek diruz lagunduz, beste batzuek materialak, instalazioak edo baliabideak eskainiz, beste batzuek euren lanaren eta denboraren zati bat emanez, eta harrera familiek euren etxeetako ateak irekiz. Denbora, arreta eta gertutasuna dirutan neurtu ezin diren ekarpenak dira, baina ezinbestekoak programa honek benetako zentzua izan dezan".

Saharako haurrak, Azpeitiko Marea Arroxaren kamisetak soinean jantzita. (Darahli)

Guztien artean eta bereziki, programaren barruan aurten lehen aldiz eskualdean egin dituzten udalekuetan lan egin duten gazteen eta boluntarioen "konpromisoa" aipatu nahi izan du Darahlik: "Darahliko gazteek eta eskualdeko beste hainbat boluntariok haurren eguneroko zaintza, aisialdia, txangoak, otorduak eta elkarbizitza hartu dituzte beren gain. Guztira, 40-50 lagun inguruk parte hartu dute, eta haien denbora, energia eta inplikazioa ezinbestekoak izan dira proiektua aurrera eramateko".

Baina elkartasunaren arrazoiak ere ez ditu ahaztu nahi izan Saharako herriaren alde lanean diharduen elkarteak, eta beren lurretatik kanporatutakoak zein beren lurrean zapalduta bizi direnak ekarri ditu gogora Darahlik: "Haur sahararrak etxera itzuli dira, baina ez beren lurraldera. Uda amaitu da; elkartasuna, ordea, ez".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide