Berdinketarekin hasi eta bukatu dute denboraldiaurrea

Mailo Oiarzabal 2026ko abuztuaren 31

Bi taldeetako jokalariak zelaia uzten, zapatuan, Lagun Onak-Beasain partidaren ondoren. (Beasain FT)

Ostiralean, bana berdindu zuen Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak Deban, ligaren hasiera prestatzeko lehen lagunartekoan. Zapatuan, berriz, 2-2 bukatu zen Lagun Onaken eta Beasainen artekoa. Datorren zapatuan ekingo dio Espainiako Hirugarren Mailako ligari Azpeitiko gizonen taldeak, Leioaren kontra.

Denboraldiaurreko lagunartekoei kaixo eta agur esan diete asteburuan, hurrenez hurren, Lagun Onak futbol klubaren emakumeen eta gizonen talde nagusiek.

Ostiral arratsaldean, Deban (Gipuzkoa) jokatu zuen Ohorezko Erregional Mailako taldeak denboraldiaurreko lehen partida. Lehen zatian oso txukun aritu zen Azpeitiko taldea eta markagailuan aurretik iritsi zen atsedenaldira, Amane Iglesiasek 25. minutuan egindako golari esker. Bigarren zatiko bosgarren minutuan berdindu zuen neurketa Amaikak Batek; lehen partida izaki eta aldaketak tarteko, motelago aritu ziren atsedenaldiaren ondoren Aitor Larbururen aginduetara ari diren jokalariak. Hala ere,  taldeak izan dituen aldaketa guztiak eta denboraldiaurrea hasi besterik ez dutela egin kontuan hartuta, oso gustura itzuli ziren Debatik.

Herenegun, berriz, gizonen talde nagusiaren txanda izan zen. Garmendipen, denboraldiaurrea agurtzeko, Beasainen kontra jokatu zuen Lagun Onakek. Bi zati, eta bi aurpegi erakutsi zituen taldeak. Lehen zatian itxura ona eman zuen Jose Luis Riberak zuzentzen duen taldeak. Partida hasi eta berehala hartu zuen abantaila Lagun Onakek, bigarren minutuan egin baitzuen gola Danel Barriolak. Hortik aurrera ere Beasain baino gehiago izan ziren etxekoak, eta lehen ordu erdia betetzearekin bat, bigarren gola eginda berretsi zuten nagusitasun hori: Iliasek gol ikusgarri egin zuen, Iker Gabilondok erdiratutako baloia boleaz errematatuta. Beasainek 45. minutuan egin zuen lehen gola, penaltitik, eta 70. minutuan, berdinketarena. Bi taldeek aldaketa ugari egin zituzten bigarren zatian, eta Beasain Lagun Onak baino hobeto moldatu zen. Horrenbestez, 2-2 bukatu zen neurketa.

Datorren zapatuan Garmendipen jokatu du berriro Lagun Onakek, baina puntuak jokoan direla. Espainiako Hirugarren Mailaren IV. multzoko lehen jardunaldian, Leioa hartuko du etxean Azpeitiko taldeak, 18:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide