Urriarekin batera iritsiko da urteko hitzordurik liluragarriena Azpeitira: Txisteratik Egun Magikoak jaialdia. Urriaren 1etik 4ra bitartean ospatuko dute herriko hainbat txokotan, eta egitasmoak hamar urte beteko dituen honetan, orain arteko egitarau oparoena prest dute antolatzaileek.
Askotariko magia ikuskizunak izango dira lau egunetan: hilaren 1ean, ostegunez, etxeko magoak, Iagomagok, emango dio hasiera Txisteratik jaialdiari, Haginpe tabernaren aurrean eskainiko duen Etorri eta ikusi erakustaldiarekin. Azken urteetan bezala, hurrengo egunean gertuko magiaz gozatzeko aukera izango da Dinamoa sormen gunean, eta aurten, Asier Saizar, Beñat Zubizarreta, Oier Jurado eta Luis Olmedoren trikimailuez gozatzeko aukera izango dute magiazaleek. Azken hori mikromagia diziplinako munduko txapelduna da, zeinak efektu magikoak sortzen dituen egunerokoan erabiltzen diren objektuekin; esaterako, diruarekin. Erakustaldia eskaintzeaz gain, hitzaldia ere emango du hark saioaren amaieran, magoei zuzenduta.
Ohikoa moduan, larunbata betea izango da programari dagokionez: iaz berreskuratu zuten kaleko magia poteoa eta lehiaketa egingo dute eguerdian herriko kaleetan, eta estreinakoz, herritarrek Basazabal jauregian ere izango dute magiaz gozatzeko aukera, Julen magoak han taularatuko duen Xinestezina ikuskizunari esker. Ordea, iluntzean Soreasu antzokia hartuko duen gala nagusia izango da eguneko hitzordu nagusia. Aurten, Andoni, Carlitos, Luis Olmedo, Hector Mancha eta Iagomago igoko dira hango oholtzara. Azkenik, biharamunean itxiko dute aurtengo edizioa, Maria Arandiak Basazabalen eskainiko duen Kairos ikuskizunarekin.
Sarrerak, bihartik
Ekitaldietara joateko sarrerak bihar, asteartea, jarriko dituzte saltzen Kulturazen webgunean. Banakako sarrerak ez ezik, bonua ere eskuratu ahal izango dute zaleek, jaialdi osorako txartela 30 eurotan ordainduta.
Hona hemen Txisteratik jaialdiaren egitaraua, osorik:
- Urriak 1, osteguna:
- 20:00. Etorri eta ikusi ikuskizuna, Iagomagoren eskutik, Haginpe tabernan.
- Urriak 2, ostirala:
- 18:00. Gertuko magia gala, Asier Saizar, Beñat Zubizarreta, Luis Olmedo eta Oier Juradorekin, Dinamoa sormen gunean.
- Urriak 3, larunbata
- 12:00. Gertuko magia poteoa eta lehiaketa, kaleetan.
- 17:00. Xinestesina ikuskizuna Julen magoaren eskutik, Basazabal jauregian.
- 19:00. Gala nagusia, Andoni, Carlitos, Luis Olmedo, Hector Mancha eta Iagomagorekin, Soreasu antzokian.
- Urriak 4, igandea:
- 17:00. Kairos gertuko magia ikuskizuna, Maria Arandiaren eskutik, Basazabal jauregian.