Ikastaro berria hastera doa, eta, horrekin batera, kirola egiten hasteko edo jarraitzeko eskaintza oparoa prestatu du aurten ere Azpeitiko Udalak. Jakinarazi duenez, irailaren 7tik 11ra bitartean eman beharko da izena kirol saio horietan parte hartzeko.
Helduentzako ikastaroen artean, GAP, total training, TRX, cicling, zumba fitness, pilates, zumba gold, mantentze gimnasia, igeriketa hastapena eta igeriketa teknifikazioa daude. Emakumeentzako entrenamendu funtzionalak ere izango dira, eta gazteei zuzenduta, total gazte ikastaroa antolatu du udalak. Horrez gain, Baigerako bazkideentzako gimnasia eta pilates ikastaroak ere izango dira ikastuste berrian, eta jarduera fisiko eta kirol egokituko saioak ere badaude eskaintzan.
Ikastaro gehienak astean bi egunekoak dira, eta hainbat ordutegitan eskainiko dituzte, herritarren beharretara egokitzeko. 50 minutuko iraupena dute saioek, eta urriaren 1etik ekainaren 30era izango dira. Izena emateko bi modu daude: igerilekuko harreran edo Internet bidez honako lotura honetan. Eskainitako plaza kopurua baino izen emate gehiagoko ikastaroetan, zozketa egingo dute.
Pertsona bakoitzak izena emateko eskaera orri bakarra bete ahal izango du, ikastaro bakarrean izena emanez. Norbaitek bi ikastarotan parte hartu nahi badu, bigarrena aukeratzeko aukera izango du behin izen ematea amaitu ondoren, beti ere plazak libre dituen ikastaroren batean. Baigerako bazkideei zuzendutako jardueretan, aurreko ikasturtean zeudenek izango dute lehentasuna.
Haurrentzako igeriketa ikastaroak
Haurrentzako, berriz, igeriketa ikastaroak antolatu ditu udalak. Hiru hilabeteko iraupena izango dute, eta aurrenekorako izen ematea irailaren 7tik 11ra bitartean izango da, igerilekuko harreran. Hiru adin tartetan banatuko dituzte ikastaroak: 6 hilabete-2 urte; 2-3 urte eta 4-13 urte. Haurrentzat ere egongo da igeriketa egokituko ikastaroa.
Hurrengo hiruhilekoetarako izen emate datak, berriz, aurrerago jakinaraziko dituzte. Haurrentzako ikastaroei buruzko xehetasun guztiak igerilekuko harreran eska daitezke. Ikastaro guztiei buruzko informazio etxez etxe banatu du udalak dagoeneko; lotura honetan ikus daiteke informazio guztia. Edozein zalantza izanez gero, 943-81 41 21 zenbakira ere dei daiteke.