Zu zeu

Jabier Nazabal: "Ez nuen pentsatzen horrelako emaitzak lortuko nituenik"

Mailo Oiarzabal

Jabier Nazabal, Euskadiko Koparen podiumean. (Utzitakoa)

Gauza berriak probatzeko inoiz ez dela berandu defendatzen dutenentzat adibide egokia izan daiteke Jabier Nazabal (Azpeitia, 1958). Ia umetatik ehizean ibilita, eskopetak eta tiroa inoiz ez dira arrotzak izan Nazabalentzat. Orain, ordea, tiro olinpikoan aritzen da, plater tiroketan. Jubilatu berritan, "probatze aldera" hasi zen eta beterano mailako hiru txapel baditu dagoeneko. "Ezin dut esan inoiz platerarik puskatu ez dudanik", bota du, umoretsu, iraileko Azpeitia Guka aldizkariaren Zu zeu atalerako elkarrizketa hasi aurretik.

Tiro olinpikoa, hobi olinpikoa... Zer diren azaltzerik bai?

Plater tiroketan modalitate bat baino gehiago daude: unibertsala, olinpikoa, mini hobia, compak, skeet... Arraten [Eibar, Gipuzkoa], unibertsala eta mini hobia egin daitezke. Kantxa bakoitzean bost postu egoten dira, eta bostetatik egin behar izaten da tiro. Hobi olinpikoan, unibertsalean baino azkarrago irteten da platera makinatik. Hobi olinpikoan, postu bakoitzean bost tokitatik irten daitezke platerak; unibertsalean, aldiz, beti toki beretik irteten dira. Jaurtiketa serieak 25ekoak izaten dira, normalean; postu bakoitzetik bost tiro, alegia.

Nolatan hasi zinen Arrateko tiro zelaira joaten?

Orain lagata nago, baina beti ibili izan naiz ehizean, oilagorretan, 14 urte nituenetik. Beti izan dut plater tiroketa probatzeko tentazioa, baina duela hiru urte hasi nintzen, berandu hasitakoa naiz. Bakarrik hasi nintzen Arratera joaten, eta besteei begira egoten nintzen. Bertakoak animatu ninduen probatzera. Lehendabizi, artean lizentziarik gabe eta, beste inor ez zebilenean aritzen nintzen: eskopeta zahar batekin, ehizarako txaleko zahar batekin eta kotxean erabiltzen ditudan eguzkitako betaurrekoekin, derrigorrezkoa da-eta betaurrekoak jantzita tiratzea. Gero eta plater gehiago jotzen hasi nintzen, gero eta gusturago, eta lehiatzen hasi nintzen. Gipuzkoan nago federatuta, baina Bizkaian ibiltzen naiz asko, tirada gehiago antolatzen dituztelako han.

Hobi olinpikoan Euskadiko Kopa irabazi duzu aurten beteranoen mailan, eta Gipuzkoakoa ere bai, mini hobian, baina ez dira zure lehen txapelak izan.

Tiratzen hasi eta urtebetera edo, 2024an, hasi nintzen lehiatzen. Laugarren mailan hasi nintzen, apalenean. Aurreneko txapelketara joan nintzen... eta irabazi, laugarren mailakoa, unibertsalean. Aurten, berriz, olinpikoan, beteranoen txapela jantzi dut Euskadiko Kopan. Sailkapen nagusia irabazi zuenak 48 plater jo zituen, eta nik 47. Orain arte lortu dudan sailkapenik onena izan da hori. Gainera, irabazi zuena Espainiako eta Europako txapelketetan-eta lehiatzen ibiltzen da, gaztea da, kartutxoak ere babesleak jartzen dizkio... Bi urte dira lehiatzen hasi nintzela eta ez nuen pentsatzen horrelako emaitzak lortuko nituenik, inondik ere. 

Kirol garestia al da?

Bai, bada. Bigarren eskuko eskopeta erosi nuen nik, 1.200 eurotan. Arraten ibiltzen garen kuadrillako batek berria erosi zuen, 12.000 euro ordainduta; ez zegoen hain gustura harekin, eta 8.000 eurotan jarri du saltzen. Hala ere, gastu handiena kartutxoena da. Kaxa bakoitzean 25 kartutxo etortzen dira, kaxak hamarreko kajoietan saltzen dituzte, eta kajoi merkeenetakoak 70 euro balio ditu. Entrenamendu bakoitzean bi serie egiten dituzu, eta bakoitzagatik 7 euro ordaintzen duzu. Txapelketetan, izen ematea ordaindu behar izaten da... Gazte gutxi dabil lehiatzen, gehienak beteranoak gara.

Zer dohain behar du tiratzaile on batek?

Esaten dute ez dela pentsatu behar, burua zuri utzi behar dela, modu automatikoan sartu. Kale egin ondoren kartutxoa hartu eta lurrera botatzen ikusten baduzu norbait, badakizu harenak egin duela lehian, tiradatik kanpo dagoela. Erabateko kontzentrazioa eskatzen duen kirola da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide