Imajinatu zuten hartatik gertuago

Ihintza Elustondo

Ezkerretik eskubira, Leire Etxaniz, Maite Segurola, Malen Aldalus eta Izaskun Egiguren, Emakume Txokoaren atarian. (Maialen Etxaniz)

Emakumeen Txokoak 15 urte betetzen ditu irailean. Emakume askoren borrokari esker izan zen posible espazio horren sorrera, eta horietako hiru elkartu ditu Gukak: Leire Etxaniz, Izaskun Egiguren eta Maite Segurola. Lehen urteak nolakoak izan ziren ekarri dute gogora, eta gaur egungo errealitatea nolakoa den azaldu du Azpeitiko Udaleko Parekidetasun teknikari Malen Aldalurrek. Iraileko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da honako hau.

"Urteetan esperotako momentua iritsi zen", dio Leire Etxanizek. "Ilusioa eta emozio pila bat batera sentitu nituen; egun inportantea zen", erantsi du Izaskun Egigurenek. "Espazio bat eman zitzaien gure aldarrikapenei", gogoratu du Maite Segurolak. Horrela oroitzen dute 2011ko irailaren 17a, Azpeitian Emakumeen Txokoa inauguratu zuten eguna. Pozez gogoratzen dute data hura, eta gaur egun "oso harro" daude gune hura zertan bilakatu den ikusita. "Orduan imajinatzen genituen gauza asko gaur egun egin egiten dira", nabarmendu dute.

Etxaniz Berdintasun zinegotzia zen Azpeitiko Udalean Emakumeen Txokoa zabaldu zutenean, Egiguren gune horretako lehen dinamizatzailea izan zen eta Segurola Bilgune Feministan oso aktibo zebilen sasoi hartan. Emakumeen Txokoaren sorrera gertutik bizi izan zuten emakume ugaritako hiru dira horiek, eta Gukak gune horretan bertan elkartu ditu, atzera begira jarri eta orduko egoera gogora ekartzeko. Haiekin batera parte hartu du solasaldian Malen Aldalur gaur egungo Azpeitiko Udaleko Parekidetasun teknikariak ere, egungo errealitatearen gaineko argazkia osatzeko. 

Hamabost urte atzera egin behar da Azpeitian hainbat eta hainbat emakumeren ametsa errealitate nola bilakatu zen jakiteko. Sasoi hartan, Emakumeen Mahaia zegoen herrian, eta bertan udaleko eta emakume elkarteetako ordezkariak biltzen ziren. Kide haiek argi zuten emakumeak elkartzeko gune bat beharrezkoa zela Azpeitian, eta hortik sortu zen Emakumeen Txokoa martxan jartzeko eskaera. Lehenik, Sindikatu Zaharrean elkartzen ziren, eta gero, Damaso auzoan. Damasoko lokal hura emakumeei zuzendutako ikastaroak emateko baliatzen zuten, baina pixkanaka, Mugimendu Feminista Emakumeen Mahaian parte hartzen hasi zenean, ikuspegia zabaltzen eta beharrak handitzen joan ziren, eta hortik egin zituzten urratsak, harik eta gaur egun Emakumeen Txokoa bezala ezagutzen dena zabaldu zuten arte. 

Elkarrizketatuek argi dute emakumeak elkartuko ziren "erreferentziazko gune bat" behar zela herrian; "edozein emakumek zerbait behar zuenean bertaratu ahal izango zen leku bat". Emakumeen Txokoa parekidetasunaren aldeko ekimen, aldarri eta topaleku izateko ireki zuten. "Emakumeen ahalduntze prozesua bultzatzeko tresnak eskainiko dituen gunea izango da", azaldu zuten hura zabaltzerakoan. Sasoi hartan parekidetasunaren arloan beharrak asko zirela nabarmendu du Egigurenek, eta erronka haiei erantzuteko espazioa izango zela Emakumeen Txokoa. "Espazio seguru bat behar zen, ikasteko leku bat, elkar hartzeko balioko zuena, eroso sentitzeko gune bat, era askotako emakumeak bilduko zirena...", erantsi du Segurolak. 

Jendarte eredu justuagoa eta parekideagoa eraikitzea zuten amets, eta borroka horretan, urrats garrantzitsua izan zen emakumeek beren txokoa eskuratu izana. Espazio hori lortu zuten eguna pozez gogoratzen dute, baina denek ez ziotela beraiek egindako harrera bera egin nabarmendu dute. Egigurenek gogora ekarri du bateren bati entzundakoa: "'Emakumeen Txokoa? Eta gune honek non dauka, bada, sukaldea?'. Jendeak uste zuen emakumeentzako soziedadea zela". Etxanizek ere adierazi du "beti justifikatzen" ibili behar izaten zutela Emakumeen Txokoaren beharrezkotasuna. "'Zein egoten da bada? Zenbat jende joaten da?', galdetzen ziguten. Sentipena daukat beti justifikatzen ibili behar izaten genuela bazegoela leku honen beharra".  Erresistentzia askoko garaia zela nabarmendu dute, eta "iraulketa" bat eragin zuela Emakumeen Txokoaren irekierak.

Emakumeak protagonista nagusi izango ziren eskualdeko lehen egoitza publikoa izan zen Azpeitikoa. Ordurako bazituzten antzeko egoitzak Basaurin (Bizkaia), Ermuan (Bizkaia), Arrasaten (Gipuzkoa), Eibarren (Gipuzkoa) eta Hernanin (Gipuzkoa), besteak beste. Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sarean sartu zen Azpeitiko Emakumeen Txokoa, eta elkarlan horrek lagundu zien lehen urratsak egiten. Gero zabaldu zituzten Urola Kostako beste herri batzuetan antzeko espazioak: Zarautzen, Orion, Zumaian... "Eskualde mailan, hau hartu dute erreferente gisa", esan du Egigurenek.

Ahalduntzea bultzatzeko gunea

Espazioa eskuratzearekin bat hasi ziren gunea aldarriz betetzen, hari bizia ematen. Emakumeen Txokoa zabaldu eta berehala ekin zioten arlo askotako Jabetze Eskolak antolatzeari, eta Egigurenek, sasoi hartan dinamizatzaile zenak, uste du urrats garrantzitsua izan zela hori: "Hamabost urtean ekintza eta ikastaro pila bat egin dira Emakumeen Txokoan, eta emakumeek mila arlotan ahalduntzeko aukera izan dute. Zentzu horretan, lan asko egin da, eta uste dut baliagarria izan dela. Emakume asko etorri dira hona, eta emakume askorentzat erreferente bilakatu da leku hau". 

Jabetze Eskolekin ez ezik, pixkanaka, beste hainbat jarduerarekin gorpuztu zuten espazioa: festetako aldarriak kalera ateratzen hasi ziren, logotipo lehiaketa antolatu zuten, Emakumeon Topaketa ere bai, sexualitateari lotutako aholkularitza zerbitzua martxan jarri zuten, beste herrietatik etorritako emakumeei laguntzen hasi ziren... Horrez gain, hainbat gai gizarteratu dituzte Emakumeen Txokoaren bidez urteotan guztiotan: Martxoaren 8a, plazera, indarkeria matxista... Segurolak aipatu du aurrez ere lantzen zituela gai horiek Mugimendu Feministak, baina Emakumeen Txokoa zabalduta, Azpeitiko Udalaren eskutik jardutea lortu zutela, eta, modu horretan, jende gehiagorengana iristea. 

Goian, Emakumeen Txokoak hamabost urteotako ibilbidean utzi dituen zenbait irudi. (Emakumeen Txokoa)

Eta ezinezkoa litzateke hamabost urteotan gauzatu dituzten ekintza eta proiektu guztiak zerrendatzea. Zenbat hitzaldi eta ikastaro egin ote dituzte Emakumeen Txokoan, herriko emakumeen oroimen historikoa berreskuratzea helburu duen Matazak proiektua martxan jarri zuten, gizonei zuzendutako Desjabetze Eskolak bertan egiten dira, Astindu Armayuek kolektiboak han du egoitza, Azpeitiko Feministen Sareak ere bai... 

Aipagarria da, gainera, Emakumeen Txokora bideratutako baliabideak ugaritu egin direla. Gunea zabaldu zutenean, egun erdiz bakarrik –arratsaldez– egoten zen irekita. Bost bat urtez hori horrela izan zen arren, gaur egun, goizez eta arratsaldez egoten da irekita, eta bi pertsona aritzen dira han lanaldi osoz; 2025az geroztik da hori horrela. Segurolak dio espazioa irabaztea lorpen garrantzitsua izan zela, baina horrekin batera, ezinbestekoa dela baliabideak izatea ere. "Musu-truk eta borondate hutsez jende askok lan egin du hemen. Gaur egun iritsi garen lekura iristeko, esfortzu handia egin da". 

Aurrerapausoen ostean, atzerakada

Emakumeen Txokoa zabaltzean, hedabide honek elkarrizketa egin zien borroka horren parte izan ziren Leire Ibargureni eta Haizea Egigureni, eta hitz hauek esan zituzten: "Gaur egungo gizarte ereduari ez zaio interesatzen feminismotik aldarrikatzen diren balioetan eta harremanetan oinarritutako gizarte eredu bat sortzea". Esan hori aintzat hartuta eta elkarrizketatuei gauzak aldatu ote diren galdetuta, ezkor samar azaldu dira. Aurrerapausoak eman direla diote, baina atzerakada moduko bat ere nabari dute gaur egungo jendartean. "Aurrerapauso dezente eman dira, batez ere ikuspegi formaletik, baina harremanetan aldaketak gauzatzea askoz ere gehiago kostatzen da, egunerokotasunean eta tratuan. Formalki gauza asko aldatu direla uste dut, baina berriz ere atzeraldi batean gaudela", dio Segurolak. Feminismoak egin dituen urratsei kontra egin nahi dien erantzun moduko bat nabari du Egigurenek, irabazitako borrokei "nahikoa da" esan nahi dien korronte bat. Indarkeriarekin ere gauza bera gertatzen dela dio: "Noiz gertatzen dira kasu gehien? Noiz areagotzen da bortizkeria? Emakumeak kontra egiten duenean". 

Etxanizek hezkuntzan lan egiten du, eta gaur egungo gazteen arteko harremanak aldatzen ari direla nabari du: "Jarreretan nabari dut atzeraka goazela, eta kezkatu egiten nau horrek. Emakumeen aurkako jarrera nabari dut, eta duela bost-hamar urte ez nuen halakorik ikusten. Txiki-txikitatik informazioa ematen zaie haurrei, Hezkidetza programa lantzen da, baina... Kalean gazteen arteko komentarioak entzuten ditudanean, beldurtu egiten naiz". Egigurenek uste du, emakumeen aurkako indarrak batzeko ahalegin horretan, sare sozialen erabilera oso ondo pentsatutako estrategia dela. 

Feminismoaren kontrako jarrera horren zenbait adibide jarri ditu mahai gainean Segurolak: "Abortu eskubidea etengabe zalantzan jartzen dute, entzun dut AEBetan emakumeei boto eskubidea kentzeko planak egiten ari direla...". Errealitate horren aurrean, bidea ez dela bukatu nabarmendu du; parekidetasunaren bidean, oraindik badagoela zer egina: "Emakumeen Txoko honek edukiz beteta jarraituko du".

Egungo egoera

Egungo errealitateari begiratuta ezkor samar ageri diren arren, duela hamabost urtetik gauzak asko aldatu dira. Malen Aldalurrek hiru urte daramatza Azpeitiko Udaleko Parekidetasun sailean lanean, eta Emakumeen Txokoa zabaldu zuteneko egoera ezagutu ez zuen arren, egungo errealitatea nolakoa den azaldu du.

Espazio horretan bi langile lanaldi osoan aritzea pauso garrantzitsua dela nabarmendu du. Obra ere egin dute Emakumeen Txokoan, eta gela bat egokitu dute herritarrei harrera hobeto egin ahal izateko. Aldalurren arabera, koordinazioa ere asko hobetu da udaleko beste sailekin, hala nola Gizarte Zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin. Horrekin batera, zerbitzuak ugaritu dituzte: gaur egun aholkularitza psikologikoa eskaintzen dute, bai emakumeentzat eta bai LGTBIQ+ pertsonentzat; aholkularitza juridikoa ere bai; sexualitate aholkularitza... Aldalurren arabera, "zerbitzuak ugarituta, erreferentzialtasuna hobetu da". 

Indarkeria matxistaren aurkako lanketa ere egin du urteotan Emakumeen Txokoak, eta gaur egun, Emakumeen Txokoko teknikarietako batek arlo horretan lan egiten du batez ere. Azken urteotan asko aldatu da herritarren ikuspegia gai horri lotuta, baina datuak oraindik tamalgarriak dira. Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, Emakumeen Txokoan eta Udaltzaingoan edo Ertzaintzan jasotako datuen arabera, 40 indarkeria matxista kasu izan ziren 2024an Azpeitian, eta 43, 2025ean. Biktima gehienen profila honako hau da: jatorriz azpeitiarrak dira, 31-40 urte artean dituzte, eta seme-alabak dituzte. "Azkenaldian, diskurtso arrazistak ari gara entzuten. Jendeak pentsatzen du Azpeitian gertatzen diren erasoak atzerritarrei gertatzen zaizkiela eta atzerritarrek egiten dituztela, baina datuek erakusten dute hori ez dela horrela", adierazi du Aldalurrek. Ziur da, gainera, kasu errealak gehiago izango direla.

Era berean, udalak genero berdintasunean eragiteko plana egin zuen iaz, eta datozen sei urteotarako erronkak bildu zituzten han, Aldalurrek gogora ekarri duenez: "Indarkeria matxistaren aurrean erantzun integral bat emateko bidean jarraitu nahi dugu, ahalduntze feministaren aldeko sustapen instituzionalarekin segitzea ere bai, genero disidenteen eskubideak eta protagonismo sozial eta politikoa indartzea, zaintza eremuari garrantzia ematea, gizonen inplikazioa lantzea...".

(Maialen Etxaniz)

Oraindik badago zer hobetua mundu honetan pertsona guztiak berdinak izan daitezen, baina argi dago Emakumeen Txokoa zabaldu zenetik Azpeitian aurrerapauso ugari eman direla. Atzera begira jartzean, "harro" azaldu dira gunea zertan bilakatu den ikusita, eta ozen diote borrokak merezi izan duela. "Ikusi besterik ez dago zenbat pertsonarentzako den gune hau. Hona etor daitezke emakumeak beren zalantzekin, arazoekin, eta ez emakumeak bakarrik, pertsona disidenteak, LGTBIQ+ kolektibokoak, indarkeria sufritzen dutenak... Gune honek eskaintzen dituen zerbitzuak duela hamabost urte imajinatu bakarrik egiten genituen", esan du Segurolak. "Askotan egiten genituen Emakumeen Txokoa zer izatea nahiko genukeen irudikatzeko proiekzioak: 'Hau ederra izango litzateke...'. Eta, azkenean, iritsi egin dira", erantsi du Egigurenek. Imajinatzen zituzten gauza asko, gaur egun errealitatea dira, beraz.  

Baina bidea ez dela bukatu diote, oraindik egiteko lan asko dagoela. Lana bakarrik ez, ordea, "dibertitu" ere pila bat egin direla esan du Segurolak, eta ikasi ere egin dutela dio Egigurenek, "Emakumeen Txokotik igaro diren pertsona guztiengandik". Etxanizek "aberastasuna" hitza aipatu du, "emandakoa eta jasotakoa asko" izan dela.

Irailaren 17an beteko ditu hamabost urte Emakumeen Txokoak, eta data horren bueltan zenbait ekintza egingo dituzte. Urtemugaren atarian, gogoan izan dituzte borroka honen parte izan direnak eta bidean gelditu direnak, hamabosgarren urteurrena beraiekin ospatzerik izan ez dutenak, baina oroitzapenetan bizirik izango dituztenak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide