Azpeitiko udaltzainek arauzko su armarik gabe jarraitzen dutela salatu du Erne sindikatuak

Aitziber Arzallus

Azpeitiko Udaltzaingoaren egoitza. (Guka)

Asteartean herrian izandako hilketaren ostean egin du gogorarazpena ertzainen sindikatuak, agenteek "segurtasun handiagoa" behar dutela arrazoituta.

Zenbait udalerritako udaltzainek oraindik arauzko su armarik gabe jarraitzen dutela salatu du Ertzaintzaren barruko Erne sindikatuak. Azpeitian asteartean izandako hilketaren ondotik egin du gogorarazpena, Azpeitiko udaltzainak adibide jarrita, haiek oraindik ez dutelako su armarik.

Azpeitikoez gain, Hernanikoak eta Oiartzungoak ere egoera horretan daudela gaitzetsi du sindikatuak, eta haientzat guztientzat eguneroko zereginetarako segurtasun handiagoa eskatu du, "Azpeitiko gertakariak argi erakutsi duelako herrietako agenteak edozein unetan muturreko larritasuna duten egoeretan aurki daitezkeela". Herri horietako udalei dagokie udaltzainak su armaz hornitzea.   

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide