Jon Etxaniz arraunlari azpeitiarra Donostiako Kontxako badiako uretan izango da datozen bi igandeetan. Bermeo taldeko arraunlari azpeitiarrak Kontxako 131. Bandera lortzeko borroka egingo du, beraz.
Eguraldi paregabearekin eta itsas baldintza egokiekin jokatu zuten gizonek atzo, asteazkena, Kontxarako sailkatze proba. Ezusteko gutxi utzi zituen atzoko hitzorduak; izan ere, Eusko Label ligaren sailkapenean lehen zazpi postuetan diren traineruek lortu dute Kontxako Bandera jokatzeko sailkatzea: Zierbenak, Oriok, Hondarribiak, Bermeok, Getariak, Lekittarrak eta Ondarroak. Hain justu, laugarren denbora onena egin zuen Etxanizen Bermeok, Zierbena azkarrenak baino zazpi segundo eta 70 ehunenekotara sailkatu baitzen.
Igandean jokatuko dute Kontxako Banderaren lehen jardunaldia, eta dagoeneko zehaztu dituzte bi txandak. Aurreneko txandan aritu beharko dute Oriok, Getariak, Donostiarrak eta Ondarroak, eta bigarren txandan, Lekittarrak, Zierbenak, Hondarribiak eta Bermeok.