15 eta 18 zenbakidun poligonoetako landa lurrak mugatuko ditu udalak

Andoni Elduaien

Mugarri bat. (Azpeitiko Udala)

Aurrez hainbat poligonotako landa lurrak zituen udalak mugatuta, eta orain, 15. eta 18. poligonoetakoak mugatuko ditu. 975 hektarea inguruko 677 lursail baino gehiago daude eremu horretan, eta lur jabeei lankidetza eskatu die udalak. Hilaren 24an gai horri buruz azalpenak emateko bilera egingo dute, Azoka Plazan.

Poligonoetako landa lursailak mugatzeko lanekin aurrera jarraitzen du Azpeitiko Udalak. Aurrez, erakundeak 1 zenbakitik 7 zenbakira arteko poligonoko lurrak, 9 zenbakitik 11 zenbakira bitartekoak, eta 13. zenbakikoak mugatzeko lanak gauzatu zituen, eta orain, 15. eta 18. poligonoetakoak mugatuko dituela jakinarazi du. Udalak azaldu duenez, Geograma enpresaren laguntza teknikoa izango du erakundeak, eta aldundiaren Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren dirulaguntza ere jasoko du.

Proiektu horren bidez, udalak lursailen mugak zein diren "argitzea" nahi du, eta, behar izanez gero, "zuzentzea". Bide batez, mugarrien kokapena zehaztea eta GPS bidezko koordenatuak ematea ere bada erakundearen nahia. Gainera, erakundeak azpimarratu du, lur jabe bakoitzak mugak eta mugarriak zehaztuta dituen planoa jasoko duela lanak amaitutakoan. Halaber, beharrezkoa bada, katastroko informazioa ere eguneratu ahal izango dute.

Guztira, 975 hektarea inguruko 677 lursail baino gehiago mugatuko dituzte fase berrian, eta horretarako, udalak lankidetza eskatu die 15. eta 18. poligonoetan jabetza duten 186 lur jaberi. "Jabeek lursailen mugak garbitu, mugarriak aurkitu eta mugakideekin mugak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egin ahal izateko". Jabeen parte hartzea borondatezkoa eta doakoa bada ere, udalarentzat "ezinbestekoa" da haien parte hartzea "lanak behar bezala gauzatzeko". Nolanahi ere, mugakideekin adostasunik ez badago, ezin izango dute neurketarik egin. "Jabeen edota oinordekoen artean lursailen mugen inguruko ezagutza galtzeak mugak nahastea edo mugarriak desagertzea eragin dezake. Horrek landa lurren kudeaketan eta zaintzan eragina izan dezake".

Udalak oharrean gaineratu du, mugatzeko falta diren gainerako poligonoetako lursailen mugatze lanak "hurrengo urteetan" egingo dituztela, "herriko landa lurraren hedadura handia" delako.

Bilera, hilaren 24an

Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, 15. eta 18. poligonoetako lursailen jabeekin bilera egingo du udalak hil honen 24an, ostegunez, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Jabe guztiek bilerarako deialdia jasoko dute gutun bidez, eta han zehaztuko dute, besteak beste, bileraren ordutegia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide