Igandean itzuliko dira film emanaldiak Soreasura

Ane Olaizola

'Ivan & Hadoum' filmaren irudi bat.

Bi film eskainiko dituzte igandean eta astelehenean: umeentzako Tadeo Jones y la lámpara maravillosa eta helduei zuzendutako Ivan & Hadoum. 

Udako etenaren ostean, igandean hasiko da zine denboraldi berria Soreasu antzokian, eta bi film ikusteko aukera izango da sasoi berriko aurreneko asteburuan: umeei zuzendutako Tadeo Jones y la lámpara maravillosa eta helduentzako Ivan & Hadoum filmak.

Igande arratsaldean eskainiko dute umeentzako Tadeo Jones y la lámpara maravillosa animaziozko filma, 16:30ean. Ivan & Hadoum filma, berriz, bitan emango dute: igandean 19:30ean, eta astelehenean —ikuslearen eguna— 21:00etan. 

Tadeo Jones sagaren laugarren filma da igandean emango dutena: Tadeo Jones, haren emazte Sara Olimpia eta haien bi urteko neskato maitagarri eta ausarta dira istorioko protagonistak. Momia pertsonaiak ez darama batere ondo arreta gune izateari utzi izana. Londresen oporretan dauden bitartean, Sarak objektu bakar bat du buruan: Mila eta bat gau ipuin sortako lanpara zoragarria. Momiak, jeloskor, desio bat eskatzen du: denboran zehar bidaiatzea, denek maite zuten garaira. Tadeok eta Sarak indarrak batu beharko dituzte Momiak historiaren ibilbidea alda ez dezan. Abentura berri honek Ozeano Atlantikoa zeharkatzera eramango ditu protagonistak; Perutik Greziara, eta handik Ekialde Hurbilera, Ali Babaren eta berrogei lapurren kobazuloraino.

Bestalde, Ivan & Hadoum filmak izen bereko bi protagonisten istorioa kontatzen du: Ivan Hadoum lankide berriarekin maitemintzen da Almeriako negutegi batean (Espainia). Hala ere, lanean aspaldi espero zuen maila igoerak eragina izango du harremanean, eta zer pertsona mota izan nahi duen erabakitzera behartuko du.

Emanaldietarako sarrerak salgai daude kulturaz.eus webgunean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide