Garbiñe Larreak Udazkeneko zainketak eta negurako prestaketak izeneko ikastaroa eskainiko du hilaren 23an Azoka Plazan, Argiak eta Elkarguneak elkarlanean eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin antolatu duten egitasmoan.
Antolatzaileen arabera, udaberria eta udazkena izan ohi dira sendabelarrekin garbiketak egiteko garai egokiak hemengo tradizioan, eta udazkenean giltzurrunei zein birikei erreparatu ohi zaie, negurako gorputza indartzeko asmoz. Horrenbestez, ikastaroan sendabelar egokiak hautatuko dituzte infusioak zein tinturak prestatzeko, eta elikadurarako dauden baliabideak ere landuko dituzte.
Hilaren 23an, astelehenez, 18:30ean izango da ikastaroa, eta sarrerak dagoeneko eros daitezke Entradium atarian; Elikaguneko bazkideek lau euro ordainduko dute, eta gainontzekoek, euro bat gehiago.
Argiaren agendaren urteurrena
Bestalde, Argiaren ilargi eta landare agendak hamar urte beteko ditu aurten, eta urteurren borobila ospatzeko, Argiaren Bizi Baratzea sailak bertso bazkaria antolatu du hilaren 26rako Azpeitian. Azoka Plazan elkartuko dira 14:00etan, eta agendaren egile Jakoba Errekondok, Antton Olariaga marrazkigileak nahiz Maddalen Arzallus eta Unai Agirre bertsolariek parte hartuko dute. Txartelak salgai daude horretarako ere, hemen.