Asteburu gazi-gozoa izan da Lagun Onaken talde nagusientzat. Gizonek larunbatean jokatu zuten 2026-2027 denboraldiko aurreneko partida Leioaren aurka, etxean, eta 1-1 emaitzarekin amaitu zuten norgehiagoka. Emakumeek, berriz, aurre denboraldiko bigarren lagunartekoa jokatu zuten Zarautzen aurka, hango zelaian, eta 3 eta 1 galduta itzuli ziren etxera.
Gizonetan, Leioakoak Lagun Onakekoak baino indartsuago sartu ziren zelaira, baina etxekoek Leioakoen sareetara baloia sartzea lortu zuten, markagailua 1-0 jarriz. Aurreneko golaren ondotik Azpeitiko taldea nagusitasunez aritu zen, partida mendean hartuz. 33. minutuan, ordea, Leioakoek Bastidaren atean baloia sartu zuten, markagailua berdinduz. Atsedenaldira banako berdinketarekin joan ziren. Bigarren zatian bi taldeak berdintsu aritu ziren jokoan, nagusitasunik gabe. Jose Luis Riberak aldaketak egin zituen taldean eta indartsu aritu ziren gizonak, baina Leioakoak ez ziren atzean geratu. Aipatzekoak izan ziren Jokin Iraolagoitia azpeitiarraren debuta 60. minutuan eta Urko Arozenarena 90. minutuan. Badirudi, Riberak protagonismoa eman nahi diela etxeko jokalariei denboraldi berrian.
Emakumeek, berriz, gaizki hasi zuten partida, eta kosta egin zitzaien jokoan sartzea, Zarautz maila bat goragoko taldea ere badelako. Hori horrela, gaizki defenditutako alboko sake baten ondotik gola jaso zuen Lagun Onakek. Lehen zatia amaitzerako, baina, baloia sareetara sartzea lortu zuten, markagailua berdinduz. Bigarren zatiak partidaren hasierako itxura hartu zuen: Lagun Onakeko emakumeen maila nabarmen jaitsi zen, eta partida luze egin zitzaien. Azken 20 minutuetan zarautzek bi gol sartu zizkien, eta markagailua 3-1 zela amaitu zen norgehiagoka.
Asteburu honetan beste bi partida jokatuko dituzte Lagun Onakeko talde nagusiek. Gizonek Zubietan neurtuko dituzte indarrak igandean Reala C-ren aurka; emakumeek, aldiz, Orioko izango dute aurkari Orion denboraldia hasi aurreko azkeneko partidan.