Bihar Azpeitira iritsiko da irakasle jubilatuen Adostuz elkartearen aldarrikapen itzulia

Julene Frantzesena

Adostuzeko kideak joan zen apirilean Eusko Legebiltzarraren atarian. (Adostuz)

Erretiro aurreratuagatiko kalte ordaina jaso nahi dutela aldarrikatzeko bizikleta itzulia egiten ari dira hainbat irakasle jubilatu igandeaz geroztik Euskal Herrian. Bihar Azpeitian bukatuko dute etapa, eta Urola Kosta igarota, Donostiara joango dira. Adostuz elkarteak 4.545 irakasle jubilatu batu ditu aldarrikapen beraren bueltan.

Bihar, asteazkenarekin, Azpeitira iritsiko da irakaskuntza publikoko irakasle jubilatuen Adostuz elkartearen bizikleta martxa. Erretiro aurreratuagatiko kalte ordaina jaso nahi dutela aldarrikatzeko bizikleta itzulia egiten ari dira igandez geroztik Euskal Herrian, eta laugarren etapa Azpeitian bukatuko dute bihar. Etzi jarraituko dute bidea, Urola Kosta igarota Donostiara joango direlako, eta hurrengo egunetan Ordiziatik nahiz Arrasatetik pasatuta, Gasteizera itzuliko dira igandean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena ari dira Eusko Jaurlaritzari lan hitzarmena bete dezala eskatzeko itzulia egiten. Gasteizen hasi zuten egitasmoa igandean, aldarrikapenak plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzaren jokabidea salatzeko. Hain zuzen ere, Adostuz elkarteak 4.545 irakasle jubilatu batu ditu aldarrikapen beraren bueltan, eta horixe lau haizetara zabaltzea dute orain xede. 

Hain zuzen ere, 2012az geroztik irakasleei ez diete ordaintzen lan hitzarmenean ezarrita dagoen jubilazio aurreratuari dagokion kalte ordaina, eta salatu dute Diru-Aurrekontuen Legea erabilita lan hitzarmenaren atal bat bertan behera utzi nahi dutela. "2012an, ekonomia krisia tarteko, Legebiltzarrak eten egin zuen ordainketa hori Diru-Aurrekontuen Legearen bidez, baina ez zuen ezabatu eta indarrean jarraitzen zuen jubilatu ginenean. Etenda dagoenez, baina, ez digute ordaindu nahi". 2012tik bitan adostu dute Eusko Legebiltzarrean ordainduko zaiela, baina Eusko Jaurlaritzan gobernuan dauden EAJk eta PSE-EEk ez dutela agindutakoa bete nahi salatu dute. 

Halaber, lege horren bidez, Jaurlaritzak negoziazio kolektiboa bertan behera uzteko modua aurkitu dutela ere adierazi dute, eta horrek negoziazioa nahiz sindikatuen lana ziurgabetasun egoeran utzi dituela esan. Izan ere, Adostuzekoen hitzetan, Diru-Aurrekontuen Legea ezin da lan hitzarmena bertan behera uzteko erabili, negoziazio kolektiboaz "trufatzea" dela uste dutelako. 

Beste arlo hainbatetan aurrejubilazioak sustatzeko kalte ordainak ordaintzen direla ere gogorarazi dute; izan ere, kalte ekonomikoa eragiten du aurrejubilazioak. "Indemnizazioak lanpostua uzteagatik sortutako kalte ekonomikoak ordaintzeko dira, gainerako arloetan egiten den bezala", esan dute. Eusko Jaurlaritzak "birmoldaketa isila" egin nahi duela ere salatu dute, aurrejubilazioei esker diru asko aurrezteko eta langile taldea berritzeko aukera izan duelako. "Gure jubilazioari esker hezkuntza birmoldaketa egin dute; hezkuntza publikoko ikasgela kopurua gutxitu eta ikastetxeak batu, itunpeko ikastetxeak indartuz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide