"Gure ametsa da Euskal Herriko txapela irabaztea"

Julene Frantzesena

German Aranburu eta Jone Arriaran, Dinamoa sormen gunean. (Mailo Oiarzabal)

Aurtengo dantza suelto denboraldia hasi zenetik, hamasei txapelketatan 11 txapel lortu dituzte Jone Arriaranek (Azpeitia, 2007) eta German Aranburuk (Azpeitia, 2002). Gustura daude egiten ari diren bidearekin, baita beren jardunak hartu duen norabidearekin ere. Hobetzen segitzea nahi dute, eta ahal bada, urrian Seguran izango den Euskal Herriko txapelketa irabaztea.

Iazko garaipen sortari beste hainbat batzen ari zarete. Zer moduz doa aurtengo denboraldia?

German Aranburu: Oso indartsu ikusten dugu gure burua. Aurreko urtean aurreko postuetan sartzen hasi ginen, eta aurten iazko mailari eusten saiatu gara, baita ahal den neurrian hobetzen saiatzen ere.

Jone Arriaran: Asko entseatu dugu, eta txapelketetan horren fruituak ikusteak sortu digu hobetzen segitzeko eta aurrera egiteko grina.

G.A.: 11 txapel lortu ditugu denboraldi honetan, eta beste bost txapelketetatan bigarren egin dugu.

J.A.: Aurrerantzean emaitza horiei eusten saiatuko gara.

Iaz garaipen ugari lortu zenituzten txapelketetan, aurten ere bai. Zuek nabaritu al duzue alderik iaztik hona?

J.A.: Aurten areagotu egin da txapelketetako maila, oro har. Horrek gure jarduna hobetzea ekarri du, detaileetan jarri dugulako arreta. Izan ere, detaile txikiek izugarrizko aldea eragiten dute askotan.

G.A.: Txapelketak lasaiago hartzen hasi gara. Urduritasun puntua behar da txapelketetan aritzeko, baina dantza lasai egiten baldin baduzu, hobeto ateratzen dira gauzak. Horrez gain, entrenamenduak indartsu egitea garrantzitsua dela ikusi dugu, baina baita gorputzari atseden ematea ere. 

J.A.: Dantza ez da soilik teknika; gozatzeak eta egunerokoan duzun aldarteak izugarrizko eragina du dantzarako orduan. Ikusleei umore ona transmititzeak izugarrizko aldea eragiten du.

Urteek eta esperientziak ematen duten lasaitasuna izan al daiteke hainbeste garaipen lortzeko gakoa?

G.A.: Aldea da esperientzia izatea; izan ere, gauzak lasaitasunez hartzen ikasten duzu urteen joanarekin. 

J.A.: Dena den, kontuan izan behar da txapelketetan faktore askok eragin dezaketela. Beraz, esperientziak lagundu baldin badezake ere, horrek ez du baieztatzen dena ondo aterako denik.

Urteetan Luix Beltzaren eskolan aritu ostean, aurten zuen kasa ari zarete prestatzen eta lehiatzen. Zer moduz?

G.A.: Etapa berrian gustura gabiltza. Geure kasa hasi ginenetik beste era batera antolatzen gara. Luixi oso eskertuta gaude, bere garaian lagundu zigun guztiagatik. Dena den, azken urteetan guk nahi genuena eta berak ematen ziguna ez zetozen bat, eta geure kasa probatzen hastea erabaki genuen.

J.A.: Prestaketak beste modu batera ari gara egiten. Horrek eroso sentiarazten gaitu txapelketa garaian. 

Aurtengo aldiaz zer balorazio egiten duzue? 

J.A.: Lagunarte polita egin dugu dantzarion artean. Agertokian aurkariak gara, bakoitza dantza ahalik eta ondoen egiten saiatzen delako, baina oholtzatik jaitsitakoan lagunak gara, elkarrekin oso ondo konpontzen gara. Dantzari dagokionez, oso sentsazio ona daukagu eta horrela segitzea nahi dugu.

G.A.: Emaitza oso onak lortzen ari bagara ere, beti dago hobetzeko aukera, eta ezin dugu lasaitu; lanean segitu behar dugu.

Euskal Herriko txapelketa al duzue orain jomugan?

J.A.: Bai, Segurako txapelketa jomugan daukagu, baina beste txapelketen gisako garrantzia izan behar lukeela uste dugu. 

G.A.: Badakigu txapelketen munduan lor daitekeen mugarririk garrantzitsuena dela Euskal Herriko txapela irabaztea, eta gure ametsa da hori lortzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide