Alaitz Olaizolak 1766ko matxinadaren historiako pasartea haurrentzako antzezlan bilakatu du

Ihintza Elustondo

'Matxinada' antzezlana egin zuten 2018an Azpeitian, 1766ko gertaera gogoan. (Alberto Beloki)

Ikasleei Gipuzkoako historia antzerkiaren bidez hurbiltzea proposatzen duen 1000 IpuSkoa... 10 antzerki. Gure antzerkitik gure historiara bildumarako idatzi du azpeitiarrak lana. Badatoz matxinoak izena jarri dio antzezlanari, eta 1766an Azkoiti-Azpeitian gertatu zen gariaren matxinada kontatzen du. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak 1000 IpuSkoa... 10 antzerki. Gure antzerkitik gure historiara izeneko proiektua aurkeztu du, eta Alaitz Olaizola azpeitiarrak parte hartu du egitasmo horretan. Hain zuzen ere, antzerkiaren bidez Gipuzkoako historia ikasgeletara hurbiltzeko hiru liburuki kaleratu dituzte, eta orotara, hamar antzezlan barnebiltzen ditu bildumak. Olaizola da antzezlan horietako baten egilea. Zehazki, Badatoz matxinoak izeneko lana ondu du hark, 1766an Azkoitian eta Azpeitian gertatu zen Gariaren Matxinada kontatzen duena. 

Hamar antzezlanen bidez Gipuzkoako historia kontatzea da proiektuaren helburua, eta Olaizolaz gain, Aizpea Goenagak, Idoia Gereñuk eta Sara Cozarrek ondu dituzte testuak. Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpen ekitaldia Donostian, eta bertan parte hartu zuten Goizane Alvarez Kultura diputatuak, Aizpea Goenagak eta Yolanda Agudo liburuen diseinatzaileak. Bildumaren bitartez, Gipuzkoako historiaren hainbat etapa zeharkatzen dituen ibilbide bat proposatu dute. Hiru liburukiak kronologikoki egituratuta daude, eta lurraldeko gertaera, pertsonaia eta eraldaketa sozialetara bestelako ikuspegi batetik hurbiltzeko aukera ematen diete ikasleei: ez bakarrik zer gertatu den irakurriz edo aztertuz, baizik eta antzeztuz, rolak jokatuz eta garai bakoitzean bizi izan zirenen azalean sartuz.

"Gida hauek kultura, hezkuntza eta memoria uztartzen dituzte, gazteentzat bereziki erakargarria den modu batean. Gure historia ezagutzea gure oraina ulertzen ikastea ere bada", esan zuen Alvarezek. Goenagak, berriz, honako hau azpimarratu zuen: "Sorkuntza eta bereziki antzerkia, eskoletarako tresna ezin hobeak dira, besteak beste, bai elkarlanerako, balioak lantzeko, hizkuntza trebatzeko eta, nola ez, gure kultura, gure historia eta gure ondarea ezagutzeko eta maitatzeko". Ipuskua idatziz jaso zen lehen aldi hartatik –alegia, XI. mendetik– gaurdaino mende bakoitzean gertatutako pasadizo batean oinarritutako antzezlanak dira kaleratu dituztenak. Mende bakoitzeko istorio bat jaso dute, eta horietako bakoitza Gipuzkoako bailara batean gertatutakoa da. 

Olaizolak Gariaren Matxinada

Olaizolak kontatu du Aizpea Goenaga jarri zela berarekin harremanetan proiektuaren berri emateko, eta galdetu ziola ea bere bailaran ba ote zegoen antzezlan formatuan konta zitekeen historiaren pasarteren bat. "Niri bururatu zitzaidan Gariaren Matxinadaren istorioa egokia izan zitekeela". Gariaren Matxinada bezala ezagutzen dena Azkoitian eta Azpeitian 1766an gertatu zen altxamendua izan zen. Gariaren eta artoaren prezioak igotzeak eta beste zenbait arrazoik eragin zuten herri xehearen altxamendua, garai hartako jauntxoen aurka. 

Gertaera hori oinarri hartuta, Imanol Elias idazle eta antzerkigile azpeitiarrak antzezlan musikatu bat idatzi zuen, Matxinada izenekoa. 2018an, antzezlan hori taularatu zuten Azpeitian, eta Olaizola bera izan zen aktoreen zuzendaria. Idazlea lan horretan oinarritu da kontakizuna umeentzat egokitzerakoan. "Matxinada kontatu dut, umeentzako egokituta, baina erabat fikzonatuta", adierazi du egileak. Eliasen aipamen batzuk txertatu ditu, dena den, antzezlanean. Beraz, XVIII. mendekoa da Olaizolak bildumarako ondu duen historiaren kontakizuna. Olaizolak berak azaldu du politak direla liburuxkak: "Marrazki koloretsuak dituzte, eta politak dira eskoletan erabiltzeko". 

Hezkuntzarako tresna

1000 IpuSkoa… 10 Antzerki proiektuak heziketa du helburu nagusi. Antzezlan bakoitzak material osagarria dakar, dagokion aldi historikoa testuinguruan kokatu ahal izateko, eta ikasgelan edukiak lantzeko aukera desberdinak ematen dizkiete irakasleei. Liburuek informazio historikoa eta obretan nahiz pertsonaietan sakontzeko baliabideak dituzte, baita antzezpenarekin, dramatizazioarekin, adierazpenarekin, musikarekin eta talde lanarekin lotutako proposamenak ere. Horrela, historian sartzeko ate bihurtzen da antzerkia.

Hiru liburukiak Kultura Eskolaren katalogoan sartuko dira; hau da, praktika eta esperientzia kulturalak hezkuntzaren alorrera hurbiltzen dituen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuaren programan. Batik bat, ikasle nerabeak dira programaren xedea. Hari esker, eskola ordutegian garatzeko jarduera kulturalak kontrata ditzakete Gipuzkoako ikastetxe publiko, pribatu eta itunduek. Proposamenak hezkuntza curriculumeko gaitasunekin eta edukiekin lotuta daude, eta haien helburua da ikasleek modu didaktikoan, parte hartuz eta sortuz landu ahal izatea gaitasun eta eduki horiek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide