Etxebizitzen alokairurako diru laguntza deialdia zabaldu du Azpeitiko Udalak, eta bi berrikuntza txertatu ditu aurtengo oinarrietan: batetik, guraso bakarreko familiek ere egin ahal izango dituzte eskaerak; bestetik, diru sarreren gehieneko mugak %20 handitu ditu erakundeak. Hain zuzen ere, etxebizitza batean bi pertsona edo gehiago bizi diren kasuan, diru sarrerek ezingo dute 42.000 euroko langa gainditu –iaz 35.000 eurokoa zen–; pertsona bakarra bizi den etxebizitzen kasuan, berriz, 33.600 eurokoa izango da muga –iaz 28.000 eurokoa zen–
Aldaketa horiek egin dituzte diru laguntzak herritarren errealitatera are gehiago egokitzeko. Hala azaldu dute Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak eta Ander Larrañaga Gazteria batzordeburuak: "Guraso bakarreko familiek, askotan, pertsona bakar baten gain hartzen dute etxebizitzaren eta familiaren gastu guztia. Horregatik, bidezkoa iruditu zaigu kolektibo hori ere alokairurako diru laguntzak eska ditzaketenen barruan sartzea". Gehienezko diru sarreraren kopurua igotzearekin, berriz, herritar gehiagorengana iritsi nahi du udalak. "Laguntza behar izan arren, deialditik kanpo geratzen ziren herritar batzuk, eta horregatik erabaki du gehienezko muga handitzea".
Beraz, guraso bakarreko familiak zerrendara batuta, aurreko urteetako deialdietan gisan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun urria edo ezintasun absolutua dutenek, bananduta edo dibortziatuta dauden herritarrek, alargunek nahiz 70 urtetik gorakoek izango dute alokairurako diru laguntza eskatzeko aukera. Urriaren 15era arte egongo da eskaerak egiteko epea zabalik; herritarrek Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo aurrez aurre udalaren erregistroan ala Azpeitia Berritzenen bulegoan egin ahal izango dituzte izapideak.
Laguntzen zenbatekoa eskatzailearen diru sarreren arabera kalkulatuko dute, eta laguntza hori alokairu prezioaren %35 eta %60 artekoa izango da. Gehienez, 350 euro jaso ahal izango dituzte herritarrek hileko, eta etxebizitza Alde Zaharrean kokatzen den kasuetan, 400 eurora arte irits daiteke laguntza. Hori bai, diru laguntza jasotzeko ezinbestekoa da etxebizitza Azpeitian kokatuta egotea eta hileko alokairuaren gehienezko prezioa 675 eurokoa izatea.