Azpeitiko kale-kalekoa da izatez Iñaki Aizpuru (Azpeitia, 1953) , haurra zela plazan bizitakoa. "Ama Takolokoa genuen eta aita kalekoa. Neu etxea erosita Zumaian ere bizi izan nintzen hainbat urtez, baina gaur egun emaztearen jaiotetxean, Lasaon, Zestoako aldean bizi naiz". Mutil koskorretan, herriko beste hainbat bezala, frantziskotarren Arantzazuko seminariora (Oñati, Gipuzkoa) joan zen ikastera. Hango koruan abestu zituen lehen kantuak Aizpuruk, baita gero lanbidea izan zuen etxegintzako lehen saiakerak egin ere, errieta ederra jasoko bazuen ere gero berak intentzio onenarekin egindakoagatik. "Seminarioko azpeitiarrek baratze bat zuten, eta nonbait, ordurako eraikuntzarako harra eduki nik. Etxean izan nintzen batean aitari aizkora txikia eskatu, eta Arantzazura itzuli nintzenean, baratzerako txabola bat egiteko asmotan zuhaitz adar batzuk moztu nituen. Bazkaltzeko garaian, denen aurrean, lezio ederra jaso behar izan nuen Aita Etxeberria fraidearengandik, Arantzazuko zuhaitzak ezin zirela moztu eta".
11 urterekin joan zen seminariora eta lau urte egin zituen han, 15 urterekin inor agurtu gabe alde egin zuen arte. "Seminariora neure gogoz joan nintzen, eta etxean disgustua hartu zuten. Toki hura uzteko erabakia ere neure gogoz hartu nuen, bokazioa joanda. Aita mendizaleekin oinez Arantzazura joan zen batean, harekin autobusez itzuli nintzen etxera, Azpeitira. Inori ezer esan gabe, inor agurtu gabe".
Arantzazutik bueltan, Lanbide Heziketan ikasten urtebete egin ondoren, aitarekin hasi zen lanean. Attitte eta aita igeltseroak zituen, eta haiengandik jaso zituen lanbideari buruzko lehen jakintzak. "Attitterengandik ezizena ere jaso nuen: Perrax. Izan ere, hura perratzailea izan zen, baina igeltsero ere aritzen zen".
Aita zena "igeltsero ona" zela dio Aizpuruk, eta harekin asko ikasi zuela. Gero, nagusi batentzako –"Pako Exkerretegirentzako"– hasi zen lanean, eta lankide izandako Paco Horrillo Azaña izan zuen maisu. "Jatorriz Extremadurakoa [Espainia] zen, askotariko lanak zekizkien egiten, todoterreno bat zen: hormigoia lantzen, azulejuak jartzen, egurra lantzen... denetik irakatsi zidan hark. Aita lanean ona zen, baina hura hobea. Hamabost urte egin nituen maisu haren ondoan lanean. Hark hala esan ohi zuen: 'Yo no tengo escuela, yo tengo la gramática parda, la de la vida (Nik ez daukat eskolarik, bizitzak irakatsi didana dakit)'. Hortzak irten aurretik aitaren ondoan lanean hasitakoa zela gaineratzen zuen. Izugarri zekien".
Goi eta behe
Igeltsero eskarmertua hartuta, enpresa propioa sortu zuen Aizpuruk. 30 urtean aritu zen bere kontura lanean, harik eta 2010-2011ko krisiak eragin eta behea jo zuen arte. Gozotik eta gazitik ezagutu zuen bere kontura jardutean. "Soldatapean hemezortzi langile edukitzera iritsi nintzen, Bergarako [Gipuzkoa] denda batean inbertsio handia eginda nengoen... eta krisia iritsi zen. Niri ere eragin zidan; soldatapean nituen langile denentzako lanik gabe gelditu nintzen. Beno, lana izan, bagenuen, baina ezin kobratu eta ezin iritsi guztia ordaintzera. Porrot eginda, lokal bat izan ezik, beste guztia kendu zidaten. Egoera haren aurrean, berriro ekin behar, eta suhiarekin eta anaiarekin igeltserotzako beste enpresa bat sortu genuen gero".
Garai batetik gaur egunera lan kontuak makina bat aldatu dira, baina bai lehen eta bai orain, gauzak ez dira errazak. "Garai batean, %16-18ko interesekin ordaintzen genituen maileguak, lan ordu asko eginda eta gogor jardunda. Baina lagunekin egoteko tarteak ere hartzen genituen; bidaia luzeak, Galiziara-eta egin genituen, eta asko gustatzen zitzaidan igandero seme-alabekin Gipuzkoa edota Bizkaia inguruko bazterrak ikustera joatea. Gaur beste era batera antolatuta dago dena, bizimodua aldatuta dago. Baina guk egin bezala, gaur egungo gazteek ere besteen errenkadan joateko ahalegina egiten dute".
Bizimoduak bakarrik ez, beste hainbat lanbidetan bezala, igeltserotzan ere lanerako baldintzek, erremintek nahiz segurtasun kontuek aldaketak izan dituzte, Aizpuruk azaldu duenez. "Esaterako, aitarekin lanean hasi nintzenean, ez zegoen garabi txikirik, garabi handiak-eta baziren arren. Orain, beste makineria bat dago lanerako. Guk dena lepoan eramaten genuen, zakuak eta. 2001ean aldamioa erosi nuen, diru piloa ordainduta, Azkoitian etxebizitza baten etxaurrea egiteko merezi zuelakoan. Muntatzen ari ginenarekin batera, sekulako segurtasuna sentitzen genuen lanerako. Lehen, teilatuak barandarik eta ezer gabe egiten genituen. Erremintak, zulagailuak, irabiagailuak... asko aldatu dira, baita segurtasun baldintzak eta neurriak ere". Lanerako erreminta hobeak izanda, altuerako lana erraztu egin da, Aizpururen arabera. "Ez dago 25 kiloko zakurik lepo gainean ibili beharrik, baina igeltsero lana egiteko jende gaztea falta da".
"Teilatuak egitea izan da nire lanbidea", dio. Azpeitian eta inguruko herrietan, adibidez, eliza bat baino gehiagoren teilatuak eraberritu izan ditu: Soreasuko Sebastian Donearen parrokiarena, Olazko komentuarena, Elosiagakoa, Oñazkoa, Arroabekoa, Arroagoikoa... Baserrietan ere lan asko egin ditu, eta egurrarekin jardutean "gozatu" egin du. Gipuzkoan egindako bi lan ekarri ditu gogora: "Antzuolan izugarrizko baserri zahar bat eraberritu genuen, eta gustura aritu nintzen hango egur zaharrarekin lanean; baita Endoia gainean beste baserri zahar batean egurra eta harria lantzen ere".
Bilobetako zaharrena eskolara hasi zenean hartu zuen igeltsero enpresatik erretiroa. "Hiru seme-alaba eta bost biloba ditut", dio, harro. "Etxeko denak lanera joaten ziren, eta biloba eskolara zeinek eraman ez zegoen. Orduan, aurretik erretiratzea erabaki nuen. Orain, etxeko lanak, baratzezaintza, etxeko animaliak eta bilobak zaintzea nire ardurapeko kontuak dira. Buruhauste batzuk eragiten dituzte bilobek, baina ematen duten gozamena gehiago da". 2017an hartu zuen lanetik erretiroa.
Arantzazurako itzulera
Kantuari haurra zela Arantzazun hartu zion gustua Aizpuruk, baina handik alde egindakoan, ahaztu antzean eduki zuen. Lanean jarduten zuenean, teilatuetan, etxaurreetan, hormak lisatzean edo dena delakoan, aritzen zen kantuan. Eta behin igeltsero lanetik erretiroa hartutakoan, afizioarekin jarraitzea erabaki zuen: koruan kantatzeari ekin zion. "Lagun baten hiletara joan nintzen kantura, Azpeitiko Parrokiako Koruarekin. Laster, Azketa ahots taldekoek proba bat egin zidaten, eta tenore hasi nintzen taldean", kontatu du. Ordutik, talde horretako kide da. Beraz, abesteak lotu zuen berriro Arantzazurekin.
Urte hauetan, Urbiara joaterakoan-eta igaro izan da Arantzazutik, baina fraideengana ez zen joatean, "lotsa" ematen ziolako. "Agur esan gabe alde egin nuen handik eta. Orain, berriro egin dut harremana Arantzazurekin, eta hartu-eman ona dut hango fraideekin". Kantura bakarrik ez, Arantzazu auzolanean garbitzera ere joaten da gaur egun, baita igeltserotza lan txikiren bat edo beste egitera ere. "Hilabetean behin egundoko ekipoa joaten gara Azpeititik Arantzazura. Goitik behera garbitzen dugu Azpeititik, Arrasatetik, Oñatitik, Seguratik... joandako hamabost-hamazazpi lagunek. Arantzazurekin zerbait berezia dut: bai han kantatutakoan eta bai han lana egindakoan, halako zera batekin etxeratzen naiz", aitortu du.
Bere kuadrillako Jose Mari Garatek eta Julian Barrenetxea abesbatzako Arantxa Aierbek animatuta hasi zen Arantzazura kantura joaten. Hango koruarekin bakarrik ez, Azketa ahots taldean eta Azpeitiko Parrokiako Koruan ere kantatzen segitzen du. "Gehien-gehiena Azketan ikasi dut, entsegu gogorrak egin izan ditugulako. Gaur egun arinago gabiltza, zahartzen ere ari gara eta".
Igeltsero lanean gozatu egin izan du, eta kantuan ere gustura aritzen da. Lanbidearen ajeekin segitzen du teilapean koruarekin kantuan ari denean ere, begirada egiteko dauden lanetara joaten baitzaio sarri. "Azkena parrokiako koruko barandak margotu ditugu abesbatzako bizpahiru kideren artean, urre koloreko margoa nondik ekar genezakeen jakindakoan".
Iñaki Aizpuru (eskuinetik aurrena) Azketa ahots taldearekin. (Nora Alberdi/Kulturaz)
Azketa Ahots taldekoak, Arantzazun. (Utzitakoa)