Erretratua

Pablo Soraluze: "Artea barne begirada baten saiakera da niretzat"

Anitz Urkizu

Pablo Soraluzeren erretratua. (Olatz Alkorta)

Haurra zenetik du sortzeko grina Pablo Soraluzek. Sorkuntza lanerako bideak, prozesuak, barneko zarata lasaitzeko balio dio. "Goxoa eta gertukoa" egiten zaio egurra, eta material horrekin lan egitea gogoko du. Dena den, azkenaldian, eskultura eta marrazketa diziplinekin dihardu, patxadaz, barrura begirako lanean. Berea da Erretratua iraileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Egur zatitxoak bata bestearen atzetik itsatsiz sortzen ditu obrak Pablo Soraluzek (Azpeitia, 1976). Kanpotik ikusita, eskulangintza lan pausatu hutsa dirudi, baina hori baino askoz gehiago da azpeitiarrarentzat. Egurra landuz ez du soilik eskultura bat eraikitzen; haren hitzetan, barneko zarata isilarazteko bidea ere bada sorkuntza. Horregatik, Soraluzerentzako artea ez da erakusleiho bat, norbera aurkitzeko tresna baizik.

Txikitatik izan du marrazteko eta sortzeko zaletasuna. Betharramdarren ikastetxean, irakasle batek Soraluzeren amari gomendatu zion haurra Arte eta Diseinu Ikastegira eramatea, eta ordutik ez dio bizkarrik eman sormenari. Batxilergoa amaitutakoan, argi izan zuen Arte Ederrak ikasi nahi zituela. "Denborarekin, zeure bidea aurkitzen joaten zara; zein den zure estiloa, zein material dituzun gustuko eta zertan sentitzen zaren zu zeu. Niretzat oso polita izan da neure lekua aurkitzea", aitortu du. Aldi berean, erosotasunak arriskua ere badakarrela uste du: "Hala ere, ez da komeni beti eremu berean gelditzea, betikora mugatzea".

Urteekin, egurra bihurtu da haren adierazpide nagusia; material "beroa, gertukoa eta bizia" dela dio. Material horrekin lehen hartu-emana 1990eko hamarkadan izan zuen, Arte Ederrak ikasten ari zen garaian. Donostiako San Telmo museoan Lucio Muñozen egurrezko lanen erakusketa ikusi zuen, eta bisita hark arrastoa utzi zion. Harrezkero, egurra haren sormenaren ardatz bihurtu da. "Asko gustatzen zait material bezala; goxoa eta gertukoa da".

Pablo Soraluze, berak sortutako lan batekin. (Anitz Urkizu)

Hala ere, bere burua ez du teknika bakar batera mugatzen; marrazkia ere gustuko du, eta azken urteotan bi diziplinak uztartzen hasi da. Azpeitia hizpide duen Azpeitia, abezedario bat zezenez libururako ilustrazioak egin zituen, eta esperientzia hark beste erregistro batzuk probatzeko aukera eman zion. Gaur egun, egurra eta marrazkia uztartzeko bidean ari da lanean.

Soraluzeren ustez, artea ez da objektuak ekoiztea; diziplina hori ez du ulertzen saltzeko edo erakusteko sortzen den zerbait bezala. Kontrakoa da haren kasuan: barrura begiratzeko modu bat. "Artea barne begirada baten saiakera da niretzat: denbora bat hartzea isiltasunean hausnartzeko, ingurua hobeto ezagutzeko eta nor bere barnearekin lotzeko". Haren ekoizpena motela da, nahita. Ez du presarik. "Oso poliki ekoizten dut. Sortze geldoa gustatzen zait. Eskultura bakoitza barruko esperientzia baten emaitza da, eta prozesua bera da benetako balioa duena", dio.

Azken batean, sortzea ezinbestekoa zaio azpeitiarrari. Etxean dauka lantokia, eta ahal duen guztietan jotzen du hara. Ez da beti erraza izaten familia eta lana uztartzeko denbora aurkitzea, baina egunero tarte bat hartzen saiatzen da. "Gelako atea itxi, eta sortzen hasten naiz. Behar bat da niretzat; egiten ez badut, horren falta sumatzen dut". Haren ustez, sortzeko ahalmena ez da artistena bakarrik: "Denok dugu sortzeko gaitasuna, bakoitzak bere modura: batzuk sukaldean dira abilak, besteak josten, idazten edo beste edozein jardueratan".

Ogibidez irakaslea da Soraluze, eta jardun horretan ere lotura zuzena du artearekin, plastika eta marrazketa irakasten baititu. Hala ere, haren jarduna ez da teknika eta lanketa ezberdinak transmititzera mugatzen: "Ikasleei, arteaz gain, gelditzen irakastea gustatzen zait. Pantailaz inguratutako mundu honetan, gero eta gehiago kostatzen zaigu ingurura begiratzea eta barne isiltasuna lantzea". Ez dago teknologiaren aurka, baina erabilera kritikoa defendatzen du, sormena eta behatzeko gaitasuna gal ez daitezen.

Pablo Soraluze, Aritz Aranbarri eta Ignacio Arakistain, 'Azpeitia, abezedario bat zezenez' liburuaren aurkezpenean, 2025eko ekainean. (Mailo Oiarzabal)

Artearen poesia

Soraluzeren lanetan poetikak ere leku berezia du. Gazteagotan egindako piezak eta gaur egungoak "oso ezberdinak" izan arren, badute aldatu ez den zerbait: arteak hitzek azaldu ezin dutena adierazteko gaitasuna duela. "Arteak alderdi poetikoa izan behar du. Poesiak bezala, hitzek definitu ezin dutena adierazteko balio behar du". Horregatik miresten ditu, besteak beste, Jorge Oteiza, Elena Asins edo Lucio Muñoz. "Ez estetika beragatik soilik, baizik eta artea ulertzeko duten moduagatik". Guztiengan aurkitu du sorkuntza gizakia eraldatzeko tresna izan daitekeenaren ideia.

Azpeitiarraren sormen prozesua ere artea ulertzeko duen moduaren isla da: ez da inspirazio uneen zain egoten; eguneroko erritual xume batean aurkitzen du sortzeko aukera. Gauez aritzea gustatzen zaio, etxea isilduta dagoenean. Jazz doinuak edo gitarra flamenkoa lagun, egur zati txikiak bata bestearen gainean itsasten joaten da, presarik gabe.

Hain zuzen ere, prozesu horretan aurkitzen du bilatzen duen isiltasuna. "Nire lan egiteko modua sinplea da, egur zatitxoak itsasten joaten naiz. Horretan aritzen naizen uneak niretzat prozesua osorik bizitzeko momentuak dira, nire barneko pentsamenduen zurrunbiloa geldiaraztekoak". Bere lanetan sentimenduak ez direla islatzen dio. "Sortzea sentimenduak mozteko modua da niretzat".

Sorkuntzak une ederrak oparitzen dizkio, baina baita blokeoak ere. "Errepikapenean harrapatuta gelditzeko arriskuari aurre egitea da zailena", aitortu du. Hala ere, artea etengabeko kate bat da, haren ustez: "Aurretik etorritako sortzaileengandik ikastea ezinbestekoa da, betiere bakoitzaren ahotsa galdu gabe. Beste egileek utzitako legatua aberastasuna da".

Nahiz eta lanak batez ere bere buruari begira sortzen dituen, tarteka erakusketak egitea ere gustuko du Soraluzek. Lehen erakusketa Zumaian jarri zuen, Oxford aretoan; ondoren, Donostiako Santa Maria elizbarrutiko museoan, Azpeitian eta beste zenbait tokitan ere erakutsi ditu bere piezak. Pozten da bere lanek norbaiti zerbait transmititzen badiote. "Neuretzat egiten baditut ere, beste edonori zerbait eragingo baliote, polita litzateke".

Soraluzeren lan bat.

Horregatik, artearen eginkizunaz galdetuta ere, ez du zalantzarik egiten. Artea galderak egiteko tresna dela uste du, batez ere. Erantzunak ere eman ditzakeela iruditzen zaio, baina modu sotilean. "Momentu txar batean zaudela musika pieza batek itxaropena piztea erantzun oso indartsua izan daiteke". Baina, haren ustez, arteak ez ditu egiak mahai gainean jartzen, norbera horiek bilatzera gonbidatzen du.

Eta, azken finean, horrexegatik laburbiltzen du hain modu sinplean artearen esanahia: norbera bilatzeko lekua. Arteak pertsona gisa hazteko aukera eman diola dio, bai eta besteekin sakonago konektatzeko bidea ere. "Azaleko harremanak nagusitzen diren garaiotan, sormenak beste dimentsio bateko loturak sortzeko gaitasuna du". Ikasleekin ere hori bizitzeko aukera izatea "pribilegio bat" da Soraluzerentzat.

Etorkizunera begira, badu amets bat, nahiz eta berak "utopia" deitu: tenplu bateko erretaula bat egitea gustatuko litzaioke, ikuslea txiki sentiaraziko lukeen obra handi bat sortzea. Dena dela, etorkizuneko proiektuak albo batera utzita, Soraluzek badu bere burua definitzeko modua. Ez die eskultore, margolari edo irakasle hitzei lehentasuna ematen, azken batean, bere jardun guztiaren muina hitz bakarrean laburbiltzen du: sortzailea. Eta, hain zuzen ere, horixe da bere lan guztien abiapuntua eta helmuga: sortzea, ez kanpora begira, barrura begira baizik.

Motzean

Adina. 50 urte.
Ikasketak. Arte Ederrak.
Lanbidea. Irakaslea.
Irakaslea ez banintz... Artetik bizitzea gustatuko litzaidake, edo artearekin lotura duen zerbait egingo nuke.
Artetik kanpo gustuko dut... Musika entzutea, natura, mendira joatea, erakusketak ikustea, lagunekin egotea...

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide