Ondarearen Europako Jardunaldietan San Martin egoitzako erlojura bisita antolatu dute

Nerea Uranga

San Martin egoitzako erlojua, egoitza atarian. (Aitziber Arzallus)

Tokian tokiko ondarea ezagutarazteko eta zaintzeko jarduerak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat eragilerekin batera. Lurraldeko 36 udalerritan egingo dituzte jarduerak azarora bitartean. Azpeitian, San Martin egoitzako erlojua ezagutzeko bisita gidatua egingo dute urriaren 17an. 

Hamargarren aldiz egingo dituzte Ondarearen Europako Jardunaldiak Gipuzkoan, lurraldeko ondarea kontserbatzeko, zaintzeko eta ezagutarazteko. Irailean, urrian eta azaroan izango dira jarduerak Gipuzkoako 36 udalerritan; tartean, Azpeitian. Urriaren 17an, larunbatarekin, San Martin egoitzako erlojua ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, Aranzadi zientzia elkarteak eta Yeregui elkarteak gidatuta. 11:00etan hasiko da bisita. Doan izango da, baina aurretik izena eman beharko da 626 09 02 72 telefono zenbakira deituta edota amoso@aranzadi.eus helbidera idatzita.

Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak azaldu duenez, jardunaldien helburua da "memoria kolektiboa gordetzea eta gizarte osoaren zerbitzura jartzea". Gure eskuetan lelo hartuta, eta galtzeko arriskuan dagoen kultura ondarearen inguruan egingo dituzte aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak, hiru lan ildorekin: "Biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea". Foru aldundiak sustatu ditu jardunaldiak, Gipuzkoako hainbat eragilerekin batera. "Hamargarren edizioko jardunaldietako jarduerek begirada berriak eskaintzen dituzte gure ondareak dituen erronkei buruz, eta erakusten dute ikerketak, kontserbazioak, sormenak eta gizartearen parte hartzeak nola lagun dezaketen ondarearen etorkizunean", adierazi du aldundiko Kultura zuzendariak. Era berean, jardunaldiak antolatzeko parte hartu duten eragileak eta parte aktiboa duten herritarrak eskertu ditu, baita herritarrak animatu ere antolatutako jardueretan parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide