Bosgarren urtemuga ospatzeko, egitarau berezia antolatu dute Arauntza Ridersekoek eta YK Ridersekoek aurtengo festarako. Lau egun beteko egitaraua prestatu dute urriaren 8tik 11rako. Bizikleta poteoa, enduro martxa, erakustaldiak, BMX, scooter, skate nahiz roller ikastaroak, tailerrak, bazkariak, parriladak, kontzertuak, artisau azoka... egingo dituzte egun horietan, Azpeitiko skate parkea eta ingurua kirolaz, musikaz eta festa giroaz betetzeko.
Dagoeneko bost urte igaro dira Izarraitz skate parkea inauguratu zutenetik, eta urtemuga borobilaren harira lau eguneko egitarau borobila prestatu dute. Askotariko ekintzen artean, hirugarren enduro martxa antolatu dute urriaren 10erako, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Urriaren 7ra arte eman ahal izango da izena honako lotura honetan, eta partaide bakoitzak 30 euro ordaindu beharko du.
08:30erako jarri dute hitzordua Izarrazko Atea parkearen ondo skate parkean, eta ordu erdira, 09:00etan, ekingo diote martxari. Bi ibilbide izango dituzte aukeran parte hartzaileek: luzean 36 kilometroko ibilbidea osatuko dute, eta 1.799 metroko desnibela izango du martxak; motzean 26,9 kilometroko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek, eta 1.325 metroko desnibela izango du. Probaren ondoren, bazkaria eta zozketak egingo dituzte.
Egitaraua:
Urriak 8, osteguna
- 18:00. Bizikleta poteoa Meolatik.
- 19:00. Foxy Ladies, Eguzkitzan.
Urriak 9, ostirala
- 17:30. Bmx, scooter, sakte eta roller ikastaroak, skateparkean.
- 20:00. YK parrillada.
- 21:00. Chekboyz, kontzertua.
- 22:30. Ban Sound DJ set.
Urriak 10, larunbata
- 09:00. Enduro martxa.
- 10.30. Tailerrak.
- 14:30. YK Bazkaria.
- 17:00. Erakustaldiak.
- 19:30. YK parrilada.
- 21:00. Kontzertuak: Puntapaxa, Zeker eta Ohil.
- Ondoren, Kukuherri Records.
Urriak 11, igandea
- 12:00. Artisau azoka eta marianitada.
- 16:00. Ume bizikleta lasterketak.
- 18:00. Erromeria.
- 21:00. Azax
- 22:00. Remember, Bombax eta Patx DJak.
Hona hemen festaren atarian YK Ridersek egin duen spota: