Haritz Iturzaetak Picos de la Demanda probetako bat irabazi du

Julene Frantzesena

Iturzaeta podiumeko lehen postuan. (Utzitakoa)

Azpeitiarra ostiral gauean Ezkarain jokatutako zazpi kilometroko lasterketan izan zen nagusi. 33 minutu eta 54 segundo behar izan zituen ibilbidea korrika egiteko. Picos de la Demandaren barruan proba bat baino gehiago jokatu dituzte asteburuan, eta hainbat azpeitiarrek parte hartu dute horietan.

Azkoitri triatloi taldeko Haritz Iturzaetak Ezkaraiko (Espainia) Picos de la Demanda probetako bat irabazi du. Azpeitiarra ostiral gauean jokatutako zazpi kilometroko lasterketan izan zen nagusi; hark 33 minutu eta 54 segundo behar izan zituen ibilbidea korrika egiteko. Ez zen, gainera, lasterketan parte hartu zuen azpeitiar bakarra izan; Eneko Caballerok, esaterako, bosgarren egin zuen, helmugara 39 minutu eta 45 segundora iritsita.

Ostiraleko proba izan zen aurtengo Picos de la Demanda egitasmoko aurrena, baina atzo beste hainbat proba jokatu zituzten. Besteak beste, 35 kilometroko, 24 kilometroko eta 10 kilometroko lasterketak ere egin zituzten, baita umeei zuzendutako beste bi ere. Horietan ere azpeitiar hainbatek parte hartu zuten, eta bat baino gehiago igo ziren podiumera: 10 kilometroko proban hirugarren izan zen Nora Orbegozo (1.03.18); 15 urtez azpikoen bederatzi kilometroko lasterketa Julen Alkortak irabazi zuen (48.59); eta 12 urtez azpikoen sei kilometrokoa, berriz, Nora Alkortak (36:54).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide