Emakumeen Txokoak dagoeneko prest du 2026-2027 ikasturterako eskaintza. Ohiko proposamenak nahiz zenbait berrikuntza uztartuko dituzte; irrintzi tailerra, drag tailerra eta gimnasiorako lehen urratsak egiteko saioa dira aurtengo berrikuntzetako batzuk. Horrez gain, Emakumeen Txokoak 15 urte betetzen ditu aurten, eta urtemuga horren bueltan beste zenbait ekintza antolatu dituzte. 2010eko irailaren 17an zabaldu zituen ateak Emakumeen Txokoak, eta hamabost urte geroago, egun horretan bertan aurkeztuko dituzte urtemugari lotuta antolatu dituzten ekintzak; hau da, ostegun honetan.
Aurreko urteetako joerari eutsiz, egitaraua lau ardatzen inguruan egituratu du Emakumeen Txokoak: Jabetze Eskolak (emakume nahiz LGTBIQ+ pertsonei zuzenduta), boteregabetze eskolak, ikastaro iraunkorrak eta parte hartze, sentsibilizazio eta integraziorako ekintzak.
Askotariko ikastaroak
Jabetze Eskolen helburua da emakumeei eta LGTBIQ+ pertsonei beren buruaren eta beren bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea, maila pertsonalean zein kolektiboan indartzeko eta ikuspegi feministatik elkarrekin ikasteko espazioak sortuta. Aurtengo eskaintzan, besteak beste, twerk ikastaroa, etxeko konponketa tailerra, Motxila: daramagunari begiratu, naizena ulertu eta zer nahi dudan aukeratzeko bidaia ikastaroa, podcast ikastaroa (Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean) eta lehen aldiz antolatuko diren bi proposamen aurkituko dituzte herritarrek.
Berrikuntzen artean, irrintzi tailerra eskainiko dute –Irrintziaren gerturapen sonoroa izenburupean–, Errebaleko Festa Batzordearekin elkarlanean antolatuta. Urriaren 17an egingo dute saioa, eta irrintziaren soinura modu praktikoan hurbiltzeko aukera eskainiko du tailerrak, kontzentrazioa, beroketa eta ahots praktikak landuz. Jarduera doakoa izango da, eta Iaiaia irrintzi elkarteak gidatuko du.
Aurtengo beste berrikuntza drag tailerra da, eta genero adierazpen artistikora hurbilketa egiteko aukera emango du. Drag-aren mundua eta historia ezagutzeaz gain, genero rolekin duen harremana eta gaur egungo ikusgarritasuna landuko dituzte, Beñat Zubillagak gidatuta, eta drag makillajearen inguruko saio praktikoak egingo dituzte. Urriaren 8an eta 22an eta azaroaren 5ean izango dira saioak, 17:00etatik 19:00etara.
Horrez gain, aurreko ikasturteetan bezala, gizonei zuzendutako boteregabetze eskolak ere izango dira eskaintzaren barruan. Genero rol tradizionalei aurre egitea, gizonek gizartean duten eginkizunaz hausnartzea eta harreman parekideagoak eta indarkeriarik gabekoak sustatzea dira eskolen helburuak. Udazken honetan bi saio izango dira: Gatazkak, korapiloak eta beldurrak feminismotik, urriaren 21ean, eta Desira, erotika eta heteroaraua, azaroaren 18an. Iñi Etxezarretak gidatuko ditu saioak.
Ikastaro iraunkorren atalean, Irakurri eta ahaldundu eta Empalabramiento proposamenak izango dira. Lehenengoan, literatura eta feminismoa uztartuko dituzte, eta ikasturtean zehar zenbait idazleren bisitak ere jasoko dituzte; bigarrena, berriz, euskararen eta gaztelaniaren inguruko prestakuntza tailerra da, emakumeen ahalduntzerako trebetasunak lantzera bideratua.
Laugarren ardatzak parekidetasuna sustatzeko askotariko ekintzak biltzen ditu. Atal horretan kokatzen da aurtengo beste berritasunetako bat: gimnasiorako lehen urratsak egiteko saioa. Emakumeei zuzendutako jarduera da, eta gimnasiora modu gidatuan hurbiltzeko aukera eskainiko du, begirale baten laguntzarekin, igerilekuko gimnasioko makinen erabilera eta espazioaren funtzionamendua ezagutzeko. Helburua da emakumeen konfiantza eta autonomia indartzea, gimnasioko espazioa segurtasunez eta askatasunez okupa dezaten. Urriaren 9an edo 26an egin ahal izango dira bisitak, doan.
Aurtengo ikasturteak, gainera, Emakumeen Txokoaren 15. urteurrena izango du ardatz. 15 urte zuekin. Borrokatua izan da, ez oparitua lelopean, azken hamabost urteetako ibilbidea balioesteko, memoria partekatzeko eta etorkizunera begiratzeko hainbat ekintza antolatuko dituzte. Urteurrenari lotuta udazkenean egingo diren jardueren artean, besteak beste, ate irekiak, Miren Odriozola literatur bekaren aurkezpena, Laura esaten zioten liburuaren inguruko solasaldia eta memoria eta erresistentzia feministaren genealogiari buruzko saioa daude. Hala ere, urteurrenari lotutako programazio osoaren berri ostegunean emango dute.
Izen ematea irailaren 21etik
Ikastaroetan eta tailerretan izena emateko epea irailaren 21etik urriaren 2ra izango da zabalik. Izena Emakumeen Txokoan bertan eman ahal izango da –Goiko Kalea 12–; 943 15 70 55 telefonora deituta; 688 751 000 zenbakian Whatsapp edo Telegram bidez; edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidean. Plazak mugatuak dira, eta lehentasuna Azpeitian erroldatutakoek izango dute. Taldeak osatzeko gutxienez zortzi lagun beharko dira, eta beharrezkoa izanez gero, zozketa egingo da. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dute, gutxienez hiru umeko taldea osatzen bada, aldez aurretik eskatuta.
Lotura honetan aurki daiteke informazio osatuagoa.