GUTUNA

Amets bat egia bihurtuta

Mari Rox Azkueren familia

Mari Rox Azkue Xoxote gailurrean, familiarekin. (Utzitakoa)

Mari Rox Azkuek amets bat bete ahal izan zuen igandean: Xoxoteko gailurrera igo zen, hainbat urteren ostean. Haren familiakoek bizi izandakoa azaltzeko honako gutun hau bidali dute Gukaren erredakziora.

Badaude bizitzan une bereziak, buruan grabatuta geratzen diren horietakoak, eta gure familiak horietako bat bizi izan zuen igandean. Istorioaren protagonista gure izeba Mari Rox Azkue da, 95 urteko emakume azpeitiarra, 30 urtetik gorako azpeitiarrentzat oso ezaguna; izan ere, Erdikalean 50 urtez bere izen berbera zuen jostailu denda eduki zuen.

Gure izebak askotan kontatzen zigun Xoxoteko gailurrera igo zen azken aldian San Inazioren estatua oraindik jarri gabe zegoela. Istorio horiek entzutean, ilobei ideia bat bururatu zitzaigun: zergatik ez dugu izeba Xoxotera eramaten, hainbeste urtez Azpeititik ikusi duen zaindariaren oinetaraino?

Erronka handia zen, baina ez ezinezkoa. Marea Urdina elkartearen laguntzari esker, behar bereziak dituzten pertsonak mendian garraiatzeko aulki berezi bat utzi ziguten. Eta, eguraldi bikaina lagun, igande goizean ekin genion bideari.

Bidearen azken zatia izan zen zailena eta arriskutsuena, baina orduan ere aurkitu genuen laguntza: Xoxoteko aterpetxean zeuden hiru azpeitiarren laguntza paregabearekin lortu genuen izeba San Inazioren estatua dagoen tokiraino eramatea. Momentu hunkigarria izan zen guztiontzat.

Aterpetxean hamaiketako bikaina egin ondoren, aldapan behera ekin genion bueltako bideari. Izebarentzat egun zoragarria izan zen, poz-pozik zegoen hainbeste urtez Azpeititik ikusi duen eta azpeitiarrak babesten dituen patroiaren estatuarekin batera egon zelako. Guretzat ere egun oso berezia izan zen, gure oroitzapenetan betirako egongo dena.

Eskerrik asko, Marea Urdina elkarteari eta Xoxoteko aterpetxean lagundu ziguten azpeitiarrei, ametsa egia bihurtzen laguntzeagatik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide