Punturik ez, ligako bigarren jardunaldian

Aitziber Arzallus

Real C eta Lagun Onaken arteko partida, larunbatean, Zubietan. (Utzitakoa)

Gizonek 2-0 galdu dute Real C-ren kontra Zubietan jokatutako partida. Emakumeek, ostera, 3-1 irabazi dute denboraldiaurreko azken lagunarteko norgehiagoka, Oriokoren konta, etxean.

Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak Real C-ren kontra neurtu zituen indarrak larunbatean, Zubietan, ligako bigarren jardunaldian, eta Jose Luis Riberarenak punturik gabe itzuli ziren etxera, 2-0 galduta. Lehen zatian aukeraren bat sortu zuten Lagun Onakekoek, baina ez zuten behar bezala baliatzen asmatu, eta hutsean berdinduta iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ere gaizki ez ziren hasi, baina Reala ez zegoen partidari ihes egiten uzteko, eta 54. eta 65. minutuetan gol bana sartuta, partida erabakita utzi zuten. Okerrena, gainera, Alex Letamendiak saihetsetan min hartu zuela. Datorren asteburuan San Ignacio hartuko dute etxean, ligako hirugarren jardunaldian.

Emakumeek, ostera, bukaera txukuna eman diote denboraldiaurreari. Larunbat arratsaldean Orioko hartu zuten Garmendipen, eta 3-1 irabazi zuten etxekoek. Lehen zatian baloiaren jabetza nagusiko Oriokoek izan zuten arren, aukerak aprobetxatzen jakin zuten Aitor Larbururen aginduetara ari diren jokalariek. Lehenengo gola Amane Iglesiasek sartu zuen Naroa Altunak bandatik egindako pase baten ondotik. Bigarren gola, berriz, Joane Kortari area barruan egindako falta baten ondorioz etorri zen; Amane Goenagak sartu zuen gola, penaltiz.

Bigarrengo zatian ere bide beretik jarraitu zuen taldeak, eta hirugarren gola ere Amane Goenagak sartu zuen area ertzetik jaurtitako falta batetik. Hamabost minuturen faltan eta etxekoen huts bat baliatuta, gol bat egitea lortu zuten Oriokoek, eta horrela bukatu zen partida: 3-1. Datorren astean ekingo diote ligari, etxean, Intxaurdiren kontrako partidarekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide