Sahatsa dantza taldeak larunbatean aurkeztuko du 'Sahatsa 50' jaialdia

Ane Olaizola

Ezpata dantzarien emanaldia Urrestillan, joan den ekainean. (Mailo Oiarzabal)

Azkoiti-Azpeitiko dantza taldearen 50. urteurrenaren barruan, egungo dantzariek zein taldetik igarotakoek Gipuzkoako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko dantzak eskainiko dituzte larunbatean Azkoitiko plazan, eta ikuskizun bera errepikatuko dute hilaren 26an Azpeitian. Ostiralean, berriz, Ezpata dantzariak argazki erakusketa zabalduko dute. 

Mende erdiko ospakizunetan da Sahatsa Azkoitia-Azpeitiko dantza taldea, eta urteurren borobila herritarrekin partekatzeko beste ekitaldi bat prestatu dute dantzariek datorren larunbaterako: Sahatsa 50 izeneko jaialdia aurkeztuko dute egun horretan Azkoitiko plazan (18:30), eta ikuskizun bera eskainiko dute hurrengo larunbatean, hilaren 26an, Azpeitikoan. 

Joan zen ekainean eta uztailean Azkoitiko, Azpeitiko eta Urrestillako kaleak Gipuzkoako ezpata dantzarekin zeharkatu ostean, oraingoan Gipuzkoakoak ez ezik, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko dantzak eskainiko dituzte. Guztira, 70 pertsona inguruk parte hartuko dute jaialdian, eta gazteak zein helduak, egungo taldekideak zein hango dantzari ohiak, izango dira emanaldia eskainiko dutenak. Ordubete inguruko saioa izango da. 

Ezpata dantza, irudietan

Bestalde, Ezpata dantzariak argazki erakusketa zabalduko du Sahatsak datorren ostiralean, eta ezpata dantza oinarri duten irudiak ikusteko aukera izango dute asteburuan Azpeitiko Betharram aretora joaten direnek. Antolatzaileek adierazi dutenez, Sahatsako dantzariek Azkoitian, Azpeitian eta Urrestillan eskaini zuten ezpata dantzen egun haietan Alex Berasategi eta Amets Andueza argazkilariek egindako argazkiak dira erakusketak ikusi ahal izango direnak. Irudiek ezpata dantzarien figura nahiz estetika islatzen dute, dorretxeetan, jauregietan, elizetan eta txoko berezietan hartutako irudiak dira ikusi ahal izango direnak. 

Hilaren 18tik 27ra bitartean egongo da erakusketa ikusgai. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara artean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide