Frankismoan emakumeek Gipuzkoan jasandako errepresioa, azalera

Nerea Uranga

Javier Buces Aranzadiko ikertzailea, Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburua eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, gaur erakusketaren aurkezpenean. (Nerea Uranga)

Frankismoak errepresaliatutako emakumeak. Gipuzkoako kasua erakusketa ireki dute gaur, astelehena, Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan. Azpeitiko Udalaren eta Aranzadi zientzia elkartearen memoria historikoa lantzeko akordioaren barruan eta irailaren 19ko Oroimen Historikoaren Egunari lotuta zabaldu dute erakusketa. Irailaren 27ra arte egongo da ikusgai, eta bi bisita gidatu ere egingo dituzte.

Frankismoak errepresaliatutako emakumeak. Gipuzkoako kasua izeneko rakusketa zabaldu du gaur Azpeitiko Udalak Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Gaurtik irailaren 27ra arte egongo da ikusgai, Aranzadi zientzia elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean osatutako lana. Bi bisita gidatu ere egingo dituzte: ostegunean, 17:00etan, eta hilaren 24an, 18:00etan. Bisita gidatuetarako izena aldez aurretik eman behar da honako loturako galdetegia beteta.

2013. urtetik memoria historikoa aztertzeko elkarlanean ari dira Azpeitiko Udala eta Aranzadi zientzia elkartea, eta urteotan "egia, justizia eta erreparazioa oinarri" hartuta hainbat jarduera eta argitalpen egin dituzte. Bien arteko hitzarmen horren barruan eta irailaren 19ko Oroimen Historikoaren Egunari lotuta zabaldu dute Foru Ibilbideko udal aretoan erakusketa, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak aukezpenean esan duenez. "Beti esan izan da historia gizonen esperientziatik eta ikuspuntutik kontatu izan dela. Ondorioz, memoria historikoan emakumeak ikusezin bihurtu dira, emakumeek egindako aurrerapausoak gutxietsiz. Memoria historikoan genero ikuspegia ere landu beharra dago, eta horretan erakundeena ere bada ardura", azpimarratu du alkateak.

Lau zatitan banatuta

Ione Zuloaga Aranzadiko ikertzaileak 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak: Gipuzkoako kasua ikerlana argitaratu zuen 2023an. Lan horretan du jatorria Azpeitian jarritako erakusketak. "Lan garrantzitsua da Zuloagarena, izan ere Euskal Herri mailan lurralde oso bat kontuan hartuta egindako lehen ikerlana da", nabarmendu du Javier Buces Aranzadiko ikertzaileak.

Erakusketa osatzeko, ordea, garai luzeagoan oinarritu dira. "Zuloagak 1936-1945era arteko ikerlana egin zuen, baina, tamalez, frankismoa luzeagoa izan zen, eta erakusketan frankismoa bukatu arteko garaia jorratu da, 1975era artekoa", zehaztu du Bucesek. Garaiaren araberako lau zati ditu erakusketak, aurreratu du historialariak. Lehenengo zatian, testuinguru historikoa erakusten da, bi mundu gerra arteko garaia, eta horren barruan kokatzen den II. Errepublika. "Sasoi hartan, emakumeek borrokatu eta hainbat eskubide lortu zituzten. Gero, baina, faxismoa iritsi zen, eta diktadura faxistaren ondorioz, lortutako eskubide denak bertan behera gelditu ziren".


'Frankismoak errepresaliatutako emakumeak. Gipuzkoako kasua' erakusketa, Foru Ibilbideko aretoan. (Nerea Uranga)

Testuingurua azaldu ondorengo hiru zatietan, frankismoko hiru garai ezberdinetan emakumeek bizi izandako errepresioa kontatzen da. Bigarren zatian, gerran emakumeek jasandako "kridelkeria gordina" kontatu dute,  eta hirugarrenean, gerraosteko "frankismoaren urte ilunetan", emakumeek jasandako zeharkako errepresioaren berri eman dute. Laugarren eta azken zatian, 1960ko hamarkadaren bukaeratik 1975era artekoa azaldu dute; "antifrankismoa piztu zen, eta horri torturarekin, kartzelarekin, hilketarekin, errepresioarekin... erantzun zion frankismoak", azaldu du Bucesek.

Elementuak eta izen-abizenak

Erakusketaren edukia errazago ulertzeko eta janzteko hainbat elementu ere jarri dituzte erakusgai, baita hainbat pertsonaren testigantzak eta adibideak azaldu ere. "Askotan, historia kontatzerakoan ahaztu egiten zaigu hor atzean izen-abizenak dituzten pertsonak daudela", zehaztu du Bucesek.

Hala, Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan jarri duten erakusketaren lehen zatian hautetsontzi bat jarri dute, eta haren ondoan fitxa batzuk. "Erakusketara joaten direnek errepresioa jasandako emakumeren bat ezagutuko balute eta haren berri ematea nahi izanez gero, hautetsontziaren ondoko fitxa bete eta kutxan sartzeko aukera izango du. Horren helburua da, Aranzadikook testigantzak edota lekukotzak jasotzea", argitu du Bucesek.

 

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide