Euskal Pentatloiaren finala ikusteko sarrerak salgai daude. Iraialren 26an, larunbatez, Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute txapelketa horren final nagusia, 22:00etan hasita. Hain justu, antolatzaileek Entradium atarian jarri dituzte sarrerak salgai, 35 euroko prezioarekin. Nolanahi ere, nabarmendu dute egunean bertan zezen plazako leihatilan ere salduko dituztela sarrerak.
Urtebeteko etenaren ondoren berreskuratu dute aurten Euskal Pentatloia, eta horregatik, antolatzaileek esan dute "berezia" izango dela aurtengo aldia. Villabonan (Gipuzkoa) jokatu zuten kanporaketa uztailean, eta han sei kirolarik lortu zuten finalera sailkatzea: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak, Xabat Olaizola zarauztarrak, Jokin Urretabizkaia Basozabal-ek, Ioritz Gisasolak, Beñat Telleriak eta Julen Kañamaresek.
Adituen arabera, txapelketa irabazteko faboritoa Izeta VI.a da, aurrez ere lau txapelen jabe delako. Ordea, bosgarren txapela buruan janztea ez zaio "erraza" egingo hari, aurrean "maila handiko kirolariak" izango baititu. "Finalean kirolari handiak izango ditugu, eta gainera, kirolariek denbora oso onak egitea eta lehia estua izatea aurreikusten da", esan dute.
Era berean, antolatzaileek esan dute Euskal Pentatloiari buruzko dokumental bat emango duela ETB1ek datorren zapatuan, 09:00etan hasita. Kirol proba horretan parte hartu izan duten kirolariekin hitz eginda, elkarrizketak eskainiko dituzte, baina aurtengo hitzorduari buruzko zenbait pasarte azaldu ere.