Europako Mugikortasunaren Astea hasi zen atzo, eta oinezkoen zein bizikleten joan-etorriak sustatzeko hainbat egitasmo antolatu ditu Azpeitiko Udalak datozen egunetarako —Gipuzkoako Foru Aldundiak beste hainbat prestatu ditu ostegunerako—. Batetik, metrominutu panelak jarri dituzte herriko hainbat gunetan, eta bestetik, bizikletaren erabilera segurua bultzatzeko bi jarduera egingo dituzte igandean.
Oinezkoen mugikortasuna sustatzeko mapak dira metrominutu panelak, eta herriko puntu nagusien arteko oinezko ibilbideen distantziak eta gutxi gorabeherako denborak zehazten dituzte. Izan ere, Joanes Amenabar eta Mikel Odriozola Ingurumen zinegotziek gogoratu dute herri barruko joan-etorri "asko" oinez egin daitezkeela, maiz autoa hartzeko ohitura egonagatik. Hori horrela, panel horien bidez informazio praktikoa eman nahi die herritarrei, eguneroko mugikortasunean "aukera jasangarriagoak" hartzeko erraztasunak eskainiz, eta oinezko bideak hartuta autoaren erabilera murrizteko asmoz.
Honako lau gune hauetan ipini dituzte panelak: Garmendiko kirol gunean, igerilekuaren aurrean, Betharramgo erakusketa aretoaren ondoan (Jose Artetxe kalea) eta Udaltzaingoaren eraikinaren ondoan (Plaza Txikia).
Txirrindularientzat jarduerak
Horrez gain, bizikletaren erabilera segurua bultzatzeko beste bi jarduera ere prestatu ditu erakundeak, eta igandean izango dira horiek, 17:30etik 19:30era artean. Batetik, 6 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta, ginkana egingo dute, eta han parte hartzen duten txirrindulariek beren trebetasuna praktikan jartzeko aukera izango dute, segurtasuna ere landuz. Bustinzuriko Errebalean izango da jarduera hori, eta Olazko Amaren Plazan, berriz, bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika tailerra eskainiko dute; bizikletek egunerokoan izan ohi dituzten arazoak konpontzeko aukera emango diete herritarrei han. Jarduera bata zein bestea Arauntza Riders taldeak bideratuko ditu.