Iristear da Stock Azokaren edizio berria. Dena prest al duzue?
Oihana Uzin: Bai, irekiera ordurako irrikaz gaude, ditugun produktuak eta eskaintzak herritarrei erakusteko gogoz. Azken urteetako ohiturari jarraituz, bihar eta etzi –ostiralean eta larunbatean– izango da azoka berezia.
Amaia Uranga: Hala da. Bihar –ostirala–, 16:00tatik 20:00etara zabalduko dituzte dendak. Larunbatean, berriz, goizez eta arratsaldez egongo dira postuak zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Azken urteetan ondo funtzionatu duen formatua izan da, eta aurten ere berdin jarraituko duela espero dugu.
Eta zenbat saltokik parte hartuko dute Stock Azokan?
A.U.: Guztira, 37 saltokik parte hartuko dute. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da; han, bederatzi postu aurkitu ahal izango dira, honako denda hauenak: Mima, Ubbo, Martina Isasti, Jostaldi, Urbistondo, Sein briko, Ilargi, Larrañaga kirolak eta Aitzaki kirolak.
O.U.: Gainera, beste 28 saltokik beren dendaren aurrean kokatuko dute postua. Saltoki horiek honako hauek izango dira: Adi optika, Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Kukua, Mebi estudioa, Odriozola farmazia, Babesa, Biur, Romaes, Disdira, Arku, Esnaola, Tilin Talan, Furundarena, Geu, Iosu optika, Mina mertzeria, Arrospide, Artetxe-Bastida, Kaïoa, Koket, Kotoi, Ordulari, Ostadar optika, Ufito, Zume eta Zuri-Beltz.
Pizgarri gisa, zozketa berezia ere prestatu duzue.
O.U.: Herritarren erantzuna oso ona izaten den arren, bereziki zaindu nahi ditugu azpetiarrak. Horregatik, Stock Azokan erosketak egiten dituztenen artean 100 euroko sei erosketa bonu zozkatuko ditugu.
Herriko hainbat eragilek eta taldek ere parte hartuko dute Stock Azokan. Nola osatu duzue egitaraua?
O.U.: Elkarlanaren emaitza izan da. Arlo askotako eragileak eskutik joatea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta kasu honetan, Stock Azoka eta herriko kaleak girotzeko aukera bikaina iruditzen zaigu.
A.U.: Dinamizazio ekintza ugari izango dira bi egunetan zehar: Berti, Bertan elkarteko maskota, herriko kaleetan ibiliko da; bihar, azokan eginiko lehen erosketetan, Sanagustin eta Pastorkua tabernetan erabili ahal izango diren pintxoa doan baleak banatuko ditugu; larunbatean, 12:00etan, trikitilariak ibiliko dira kalean, eta, aldi berean, plazan, 3 eta 10 urte arteko haurrei zuzenduriko ingelesezko antzerkia eskainiko du Kids&Us akademiak. Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 19:00etara, umeentzako tailerrak egongo dira Balentina Agirre plazan.
O.U.: Larunbatean, gainera, Egurnika proiektuak erakusmahaia jarriko du plazan, eta Kriston Burrundaie musika festak kaleak herriko doinuz beteko ditu eguerditik aurrera. Herritarrek ez dute etxean gelditzeko aitzakiarik. Izango dira festa eta giroa!
Stock Azoka galdu ezin den hitzordua bihurtu da Azpeitian. Zer eskaintzen dio azokak herriari?
A.U.: Erosketak erraztasunez egiteko aukera eskaintzen du, produktu aukera handia izaten baita postuetan. Iraila gastu askoko hilabetea izaten da, eskolara itzulera gogorra izan daiteke, eta Stock Azokak beharrezko produktuak prezio ezin hobean lortzeko aukera ematen die herritarrei. Era berean, kaleei bizia ematen die Stock Azokak, eta giro ederra sortzen da herrian.
O.U.: Esan beharra dago azpeitiarrek Stock Azokari egiten dioten harrera ere oso ona izaten dela beti. Azoka egunak iristeko zain egoten dira herritarrak, eta saltokiek eskaintzen dituzten produktuak eta zerbitzuak ikusteko gogoz bertaratzen dira.