Datorren irailaren 27an 51 urte beteko dira Francoren erregimenak ETAko kide ziren Juan Paredes Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi azpeitiarra fusilatu zituela, eta Sortuk egun horretarako ekitaldia antolatu du Nuarben. Hango frontoian izango da hitzordu politikoa, 13:00etan.
Gainera, aurretik, 12:00etan, Nuarbeko hilerrira bisita egingo dute hala nahi duten herritarrek, eta ekitaldiaren ostean bazkaria izango da frontoian bertan. Bazkarirako sarrerak salgai daude Orkatz kultur elkartean: langileek hogei euro ordaindu beharko dute; eta ikasleek, langabeek eta pentsiodunek hamabost euro.
Hainbat plazatan
Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotako plazetan egingo ditu Sortuk ekitaldiak, Loturak askatzera! lelopean. Askapen prozesua une erabakigarri batean dagoela eta 78ko erregimenean lotuta gelditu ziren korapiloak askatzeko aukerak badaudela uste du Sortuk. "Euskal Herrian potentzial politiko izugarria daukan fase politikoa zabaltzea lortu dugu, eta orain askapen prozesuan egoera berrietan murgiltzeko baldintzak ereitea dagokigu", adierazi du Xabi Iraola Sortuko koordinatzaile orokorrak.
Hilaren 27ko ekitaldiak non egingo dituzten zehaztu du Sortuk, eta tartean dago, Azpeitiaz gain, Zarautz ere. Gainerakoak, Euskal Herriko beste dozenaka txokotan ere egingo dituzte Txiki eta Otaegi oroitzeko ekitaldiak, eguerdi partean, nahiz eta oraindik deialdien xehetasun gehiago ez dituzten eman.
Sortuk artista bati eskatzen dio urtero irailaren 27a irudikatzeko eskaria, eta aurten Mikel Erkiaga bilbotarrak gauzatu du kartela. Aurretik hainbat sortzailek egin izan dituzte irudiak, hala nola Malen Amenabarrek, Nora Aurrekoetxeak, Kepa Akixok nahiz Laura Ruizek.