Kulturaz kooperatibak Gaztetxoen Antzerki Eskola prestatu du beste urte batez, eta azaroaren 16tik aurrera, Xanti Agirrezabalagak eta Alaitz Olaizolak eskolak eskainiko dizkiete 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei. Interesa dutenek gaurtik hilaren 30era arte izango dute izena emateko aukera, antolatzaileek prestatu duten formulario honetan.
Irakasleek Dinamoa sormen gunean eskainiko dituzte eskolak, astelehenetan eta asteazkenetan, 17:15etik 18:15era eta 18:30etik 19:30era artean. Ikasleek antzerkigintzaren hainbat arlo ikasiko dituzte: antzerkiaren kodeak, egiteko moduak, prozesuak eta metodoak, hain zuzen. Antolatzaileen esanetan, ikasleek proiektu eszeniko jarrai zein egonkor baten parte izateko aukera izango dute bakarka zein taldean, eta sormena antzerkiaren bidez bideratzeko zein taularatzeko tresnak bereganatuko dituzte, antzerkizaletasuna zein sormen grina jasotzen duten bitartean.
Izen emateari dagokionez, berriz, antolatzaileek eskatu dute inskribapena egiterakoan ikasle bakoitzak posible dituen ordutegi aukera guztiak aukera ditzala, ondoren taldeak "egoki" osatu ahal izateko.
Tradizioaren jarraipen
Kulturazek azpimarratu du herrian badela antzerkiarekiko interesa, eta batez ere Antzerki Topaketei esker dela adierazi du. Hain zuzen, Gaztetxoen Antzerki Eskolak tradizio horri eutsi eta "txikitatik antzerkirako zaletasuna garatzea" du oinarri. Antolatzaileen arabera, gero eta ikasle gehiago batzen da eskola horretara, eta dagoeneko "asko" dira han trebatu diren antzezleak. "Ikastaro hauek, beren kultur funtzioaz gain, betekizun soziala ere badute, gazteei harreman sozialak lantzeko eta garatzeko baliagarriak baitzaizkie", gaineratu dute.