Irailaren 16tik 22ra izango da aurten Europako Mugikortasunaren Astea. Mugi garraio txartela dutenek, beren bizikletei oinarrizko doikuntzak edota konponketak egiteko aukera izan dute gaur goizean herriko plazan jarri duten Jarri prest zure bizikleta Mugirekin postuan. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta jarri dute postua gaur, herrian. Mugi txartela ez dutenentzako eta hori eskuratu nahi dutenentzako zerbitzua ere eman dute bizikletak konpontzekoarekin batera.
Udalak ere prestatu ditu bizikletaren erabilera segurua bultzatzeko jarduerak. Igandean izango dira horiek, 17:30etik 19:30era artean. Batetik, 6 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta, ginkana egingo dute Bustinzuriko Errebalean, eta hitzordu horretan parte hartzen duten txirrindulariek beren trebetasuna praktikan jartzeko aukera izango dute, segurtasuna ere landuz. Bestetik, Olazko Amaren Plazan, bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika tailerra eskainiko dute; bizikletek egunerokoan izan ohi dituzten arazoak konpontzeko aukera emango diete herritarrei han. Jarduera bata zein bestea Arauntza Riders taldeak bideratuko ditu.