Sarralleko lan erregulazio txostenaren bidezkotasuna, kolokan

Aitziber Arzallus - Julene Frantzesena

Sarralleren Azpeitiko egoitza nagusiaren ataria. (Mailo Oiarzabal)

Otsailean lana aldi baterako erregulatzeko txostenak aplikatu zituen Azpeitiko taldeak hamabi enpresetatik zazpitan. LABek taldeko enpresa batean du ordezkaritza, eta han ezarritako lan erregulazio neurriak inpugnatu zituen. Epaileak arrazoi eman dio sindikatuari.

Indarrik gabe geratu dira Sarralle taldeak joan zen otsailean lana aldi baterako erregulatzeko aplikatutako txostenak ezartzen zituen neurriak. Abuztuaren 15ean iraungi zen txostenaren epea; izan ere, Sarrallek sei hilabeterako ezarri zituen lana erregulatzeko neurriak taldeko hamabi enpresetatik zazpitan. Azpeitiko enpresak arrazoi ekonomikoak nahiz antolaketari eta ekoizpenari lotutakoak argudiatu zituen neurri horiek indarrean jartzeko, eta orotara, 214 behargini eragin diete, bakoitzari maila jakin batean. Gukak jakin ahal izan duenez, langile batzuek lanpostuak utzi dituzte urte erdiko epealdi horretan. 

Zazpi enpresa horietatik batean bakarrik dute sindikatuek ordezkaritza, Sarmelt Engineeringen, hain zuzen. Horretan, LABek ordezkari bat du, eta besteetan, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen bueltako prozesurako momentuko ordezkaritzak aukeratu zituzten. LABek azaldu duenez, zazpi enpresetarako antzerako planteamenduak egin zituen taldearen zuzendaritzak erregulazio neurrien iraupenaren eta aplikazioaren inguruan, eta langile askok jo zuten sindikatura aholku eske. 

Txostena hitzartzeko prozesuan, enpresak eta langileek ez zuten akordiorik lortu lantegi gehienetan, eta gainera, Gukak jakin ahal izan duenez, LAB sindikatuak txostenaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Lan Arloko Auzitegian. Izan ere, sindikatu horren ustetan, ez zen beharrezkoa lana erregulatzeko neurriak ezartzea, eta halaxe azpimarratu zuen, behin eta berriz, prozesuan zehar izan zituzten bileretan eta langileen asanbladetan. "Bideragarritasun plana ere eskatu genion enpresari, baita etorkizunerako zer aurreikuspen dituen galdetu ere", baina sindikatuak esan du eman zizkion azalpenak "oso azalekoak" izan zirela. Zazpi hilabete baino gehiago pasatu dira erregulazio txostenaren inguruko prozesua abiatu zutenetik, eta LABen arabera, "langileek oraindik ere ez dute enpresaren organigramarik ardurak nork dituen jakiteko".

Azken erabakiaren zain

LABek adierazi du, Sarmelten kasuan, enpresak enplegu erregulazio prozesuetan eman beharreko dokumentazio osoa ere ez ziola eman, eta emandakoaren zati bat okerra zela. Horiek horrela, prozesuaren amaieran egindako asanblada baten ostean, txostena inpugnatzea erabaki zuen LABek. Enpresa, baina, ez zen agertu epaiketara. "Epaileak arrazoia eman zigun eta erregulazioa bertan behera uzteko agindu zuen", zehaztu du LABek. Sindikatuaren esanetan, enpresak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian errekurritu egin du epaia, eta dagoeneko egin beharreko alegazioak egin ditu LABek. "Hala eta guztiz ere, prozesuak bide hau jarraitzen badu, enpresak Sarmelt Engineeringeko langileei hilabete horietan galdutako diru guztia itzuli beharko die".

LAB jakitun da zenbait aldaketa estrategiko gaizki atera zaizkiola enpresari eta lan gutxirekin egon zela urte hasieran. Baina enpresak hartutako bidea gaitzetsi du; "arazoari muinetik heldu beharrean, lanpostuak suntsitzeko erabakia hartzea". Sindikatuaren esanetan, "enplegu erregulazioarekin, zuzendaritzaren estrategia izan da presio bidez zenbait langile enpresa uztera behartzea; izan ere, oso irregularrak ziren enpresak planteatutako egutegiak, eta ez zeukaten zentzurik kudeaketaren ikuspegitik".

LABek zehaztu duenez, erregulazioak eragindako taldeko enpresa bakoitzean oso langile gutxiri eragin diete neurriek. "Hau da, langile gutxi batzuek sei hilabetean ez dute ia lanik egin eta langabezia prestazioa gastatzen joan dira, ohikoa baino soldata txikiagoak jasota". Ondorioz, LABek uste du argi gelditu dela zein zen enpresaren helburua: "Enpresa bakoitzetik langile batzuk kanporatu nahi zituen kalte ordainik ordaindu beharrik gabe, eta egoerarekin nekatuta, langile batzuek lana uztea erabaki dute".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide